Horixe ba Trantsizioak beste alde batera begiratzea eskatzen duela. Beraz, ez zalantzan jarri betiko demokratek sorturikoa: armada bere lekuan, desjabetzeak bere lekuan, Gerra Zibilaren kontakizun frankista bere lekuan; botere ekonomikoak bere lekuan; epaileak, bere lekuan, eta gorpuak, horiek ere beren ezpondetan; libertad sin ira, libertad, hildakoei egin diezaietela dolu etxean, eta beranduxeago, hoy no me puedo levantar, el fin de semana me sento fatal.

Frankismoaren garbitzea izan balitz, alegia, karguak izandakoak baztertu izan balituzte, Gerra Zibilaren kontakizun frankista hasieratik arbuiatu izan balitz, gorpuak ezpondetatik ateratzen hasi balira, 40 urteko estatu krimenen errebisioa egin balitz, berriz hasteko ahalegina izango zen Trantsizioa. Ez, ordea. Frankismoa oraindik dabil dantzan, bestela ez da ulertzen lau presidentek, lau sindikalistek eta abarrek bere kargupean hildakoengatik epaituko duten barne ministro baten aldeko gutunak bidaltzea. Demokrazia ezartzen lagundu omen zuen. Gero mindu egiten dira Espainiako Erresumari atzerrian Francoland deitzen diotelako.