Zirrikituetatik begira

Botoia falta

24.08.2020 | 00:15
Botoia falta

SARRITANkontatzen zigun aitak Juan Carlos Borboikoarekin bat egitea egokitu zitzaiola soldaduskan. "Orduan biok peoi" esaten zuen, erdi txantxetan erdi benetan, Borboikoaren galoei garrantzia kendu nahian, nahiz eta gerora berehala aitortu, ezaguna zi-tzaiela gizon hura ardura handiagoetarako deitua izango zela. Aitortza horiek egin ostean, hala ere, beti anekdota bera kontatuz bukatzen zuen. Desfilera atera aurretik, militar trajearen eskuturrean botoi baten faltan ikusi zutela Juan Carlos, euren kasuan, asteburua atxilotuta gelditzeko arrazoi nahikoa zena. Eta lotsa sentitu zutela. Lotsa desfile berean trajean botoia falta zuen militar harekin bat egiteagatik eta lotsa, gizon hari, zegokion zigorrik inork jarri ez izanagatik.

Barrezka bukatu ohi izan dugu beti, familia bazkarietan, anekdota hau kontatu izan digunean eta aitaren hitzok aisa isilarazi izan ditugu, aitzakia zahardadeari egotzita.

Iñaki Gabilondoren hitzak irakurri ditudanean, ordea, aitaren lotsa sentimendua etorri zait burura. Juan Carlos Borboikoaren errugabetasun presuntzioa eskatu dute politikari historiko hainbatek. Juan Carlos Borboikoak trantsizio garaian egindako lana bergogoratzeko eskatu dute eta ez hori bakarrik, manifestuan eskatu dute baita ere integritate politikoa, lurralde batasuna eta azken 40 urte hauetako historia posible egin duten instituzio eta pertsonen izen ona gordetzeko.

Iñaki Gabilondok, ostera, Juan Carlos Borboikoak ireki duen krisiak bere belaunaldia degradatu duela sentitzen duela adierazi du. Borboikoak bere burua degradatu duela, baita erret instituzioa ere eta trantsizio prozesuan lan egin edota lagundu zuen belaunaldi osoa.

Gabilondok lotsa sentitu du. Manifestua idatzi dutenek, ostera, mehatxua.

Eta, orduan, galderak datozkizu burura: zenbat aldiz eta zenbatek egin dute ez ikusiarena Borboikoaren aferen inguruan? Zenbatek sentitu du lotsa azken 40 urte hauetan Borboikoaren egiteen aurrean?

Mostrarako botoia nahikoa omen (erdal esaeraren arabera). Oraingoan, horixe ere falta.

Más información