Ordu erdi bat geroago. Posta kaletik Foru Plazarantz lagun batekin. Beste hitzordu bat dugu. Bat-batean Andra Maria Zurian zeunden hirurak ikusi ditut. Gurditxo bat daramate herrestan, fruta kaxa bat edo. Barruan landare batzuk. Oraingoan esku-besoak altxaturik dituzte, apaizak mezetan bezala. Atzean dozena-erdi pertsona doaz kartoizko pankartatxoekin. Haietako batean planetaren aldeko esaldi bat irakurri dut gaztelaniaz. Prozesioaren traza hartu diot ikusten ari naizenari. Batek salmodia antzeko zerbait hasi du. Planeta arriskuan dagoela eta. Hasieran izan dudan antzerkiaren ideiatik errito erlijiosoaren ideiara jauzi egin dit buruak. Erdi Aroan hainbat eskualdetan zebiltzan "flagellanti" taldeez oroitu naiz, euren buruak zigortzen zituztenak, badakizue. Zer esango luke Joseba Gabilondok?

Nirekin doanak, nekazaria lanbidez, bota du. "Lehortuko zaizkie landare horiek guztiak, zimeltzen hasi dira". Irribarre maltzurra egin dut. Berehala konturatu da gaiztakeria prest dudala mingainean eta, ni baino pertsona hobea denez, gaineratu du: "Agian landare zimeltzen hasiak eramatea metafora bat da, jendeari demostratzeko planeta arriskuan dagoela benetan". Metaforarena gustatu zait.