Zirrikituetatik begira

"Tokiz aldatu"

05.08.2020 | 00:16
Rikardo Arregi.

PASA den astean guztiaz dakien tertuliakide horietako batek, Espainiako errege zaharraren etorkizunaz ari zela, azaldu zuen, ziur eta irmo, emerituak zituen aukeren artean, Zarzuela jauregian jarraitu, erresuman jarraitu baina beste lekuren batean, erresumatik kanpora joan, azken hori zela txarrena, monarkiari, demokraziari, Espainiari eta unibertso osoari kalterik handienak ekarriko zizkiena. Astelehen arratsaldean tertuliakide berak, Espainiako errege zaharrak semeari eginiko gutuna agertu eta gero, azaldu zuen emerituak hartutako erabakia, Espainiatik alde egitekoa, monarkiari, demokraziari, Espainiari eta unibertso osoari egin ziezaieken mesederik onena zela.

Ni txundituta gelditu nintzen emandako txilinbueltarekin, baina Espainiako telebistetan dauden tertuliakide gehienak horrelakoak dira. Gainera, are txundituago nengoen errege zaharrak aipaturiko gutunean erabiltzen duen gaztelaniarekin, gaztelania borboitarra deitzen dudana. Errege zaharra ez da joaten, ez ihes egiten, jakina, "tokiz aldatzen da". Gainean dituen lapurretak, iruzurrak eta eskandaluak "nire bizitza pribatuaren zenbait gertaera iraganeko" dira. "Tokiz aldatzeko" erabakia "nahigabe sakonez, baina lasaitasun handiz" hartu du (itzulpenak nireak dira, norbaitek hobetzen baditu, primeran, nik horrela hitz egin nahi dut lantokian hurrengo bileran, gorritu barik). Esan gabe doa "duintasun" asko dagoela, "legatu", "nahi eta desira" eta "leialtasun" ugari. Ez al dira izango erregeen gutunak literatur genero bereizi bat?

Askok "tokiz aldatze" hori Borboitarren tradizioan kokatzen dute: azken finean, Isabel II.a eta Alfonso XIII.a ere "tokiz aldatu ziren" (bien artean egon zen Alfonso XII.a gazteegi hil zen). Nabarmentzekoa da Isabel II.aren ostean (hainbat saiakeraren ondoren) I. Errepublika etorri zela, eta Alfonso XIII.aren ostean II. Errepublika, baina ez dirudi orain Hirugarrena etorriko denik. Oraingo "tokiz aldatzea" 78ko erregimena mantentzeko ahalegina da ororen gainetik. Errepublika, edo Errepublikak, ez zaizkigu orain iritsiko.

Más información