Ez dirudite terraza bateko talaiatik erantzuteko galderak direnik.

Hauteskunde kanpainan ez zela murrizketarik egongo promes egin zitzaigun. Ondoko egunotako albisteek bestelako eskenatoki batzuk aurreikusteko zantzuak ematen dituzte, ordea. Eta ez litzateke tentazio handiegia, momentu honetan pil-pilean dagoen eta pandemiaren bigarren olatua ate joka asma daitekeelarik, nagusien zain tzarako politiketan sakontzea izatea etorkizuneko lan-lerro zutabeetako bat. Hala behar duelakoan nago. Ez, hala ere, bestelako terraza ba tzuetako urruneko turrunek aditzera eman bezala, belaunaldien arteko harremanak kudeatu beharreko ikasgaian, dirua nagusiak bakarrik matrikulatzeko jarriko badugu.

Ez naiz sekula pentsatzera heldu, herri aurreratu batek, bere etorkizuneko politikak zehaztu behar dituenean, politika horien hartzaileak belaunaldi terminotan egin behar izatera hel zitekeenik. Hala beharko balu, espero dut bien aldeko apustua egiteko izango dela eta ez bata edo bestea aukeratu behar izateko. Zeren eta nagusien zaintza ereduak herri baten garapen mailaren erakusgarri dira, zalantzarik gabe; eta, era berean, belaunaldi berriei begirako enplegu, etxebizitza, enpresa-sustapen, ikerketa-lerro, ahalduntze programa, sormen-beka, eta belaunaldi berrien eskutik euskaltasuna garatzeko sozializazio espazio berriak garatzeko politikak aintzatestea, baita ere.