flâneurFlâneur

Egun hauetan behin baino gehiagotan pentsatu dut egoera honek zenbat jende bultzatu duen aurretik egiten ez zuen jarduera bat egitera, hau da, paseatzera; eta paseatzeko ohitura zutenen artean ere egoera honek aldatu ote dien paseatzeko modua. Jakin nahiko nuke itxialdiaren ondoren eta orain bizi dugun erdi-askatasun egoera honetan, paseatzaileek sentsazio berriak izan dituzten, uneren batean begiak itxita gogoz hartu ote duten arnasa, sentitu ote duten hego haizearen laztana masailetan, eta ile artean; antzeman ote duten haizea zuhaitzen keinu okertuan edo soroetako itsas tankerako mugimenduan; erreparatu dieten hostoei, itzalei, distirei; entzun ote dituzten atentzioz txorien txioak, lagunduta paseatzen ari direnen marmarrak... Neure buruari galdetzen diot egun hauetan han eta hemen ikusten dugun ibiltariaren figurak ba ote duen flâneur haren antzik, zeinarentzat ibiltzea filosofia bat eta bizitza ulertzeko modu bat zen. Izan ere, flâneur delakoak ingurura begiratzen du, baina ez edozein modutan, aldi berean kanpora eta barrura begiratzen baitu, jakin badakielako bere subjektibotasuna inguruan duen guztiarekin dagoela harremanetan. Nire buruari galdetzen diot ea egun hauetan beste inor gehiagok egin duen bat honako ustearekin: alferrekoak izateak berak bihurtzen dituela gauza asko eder.