Dena den, ez nekien nola egin dekaubeen eta en-tzun berria nuen iragarkiaren arteko lotura; oroimenean iragarkiak utzi zidan guztia elikadurari buruzko aholku lausoak ziren (fruta gehiago jan) eta autolaguntza liburu batetik ateratakoak ziruditen leloak (jende positibo gehiago). Hurrengo egunean osorik ikusi-entzun nuen iragarkia: "Nahi dugu... ke gutxiago, pedal gehiago, errealitate gehiago... haur gehiago parkean, fruta gehiago, azukre gutxiago, berde gehiago... osasuntsuago, osasunaren aktibistak gara. Gutarrak zarete? Dekaube!" Laburtu eta itzulita gutxi gorabehera. Irudietan ere, bizitza "osasuntsua" edo agertzen zen islaturik (natura, kirola) eta aktibismoren karikatura bat (kartelak paretetan jartzea). Inon ez zen agertzen zer esan nahi zuen zehazki dekaube horrek. Kanpaina eredugarri horietako bat.

DKV osasun pribatuko negozio bat da, negozioa, eta koronabirusak sortutako larrialdi egoeran gauden bitartean propaganda egin du telebista publikoetan, euskal telebista publikoetan, inolako lotsarik gabe. Kontratatuta izango zuten astea eta legezkoa izango da dena, bai, baina berriro ageri da begi-bistan honen guztiaren engainua, iruzurra, gezurra, zinismoa. Badirudi egiazkotzat har-tzen ditugun kontu asko erortzen ari direla larrialdi honetan: ikusiko dugu.