ez dut gogoko Miguel Angel Revilla, Cantabriako presidentea. Ez galdetu zergatik. Eta ez dut partekatzen telebista plato ezberdinetara, show-a egitera eta prime time-eko minuturik garestienak betetzera eramaten dituztenen erabakia ere. Denok dakigu, kazetaritzarik onenaren izenean, galdera erdia egin eta gizon honek ordu eta erdiko programa betetzeko ahalmena duela, ikus-entzulegoa entretenitzeko batzuen iritziz, ikus-entzulegoari aurpegira erdi mailako direla esan eta lasai asko gelditzeko, beste hainbaten aburuz. Espainia halaxe omen da. Balioak aurretik.

Larunbatean La Sexta telebista katean egin zituen adierazpenak negargarriak iruditu zitzaizkidan. Sanchez-i ezetza eman izana zuritu nahian pasatu zuen gaua. Jainkoak ere ez diola presiorik egiten aitortuz. Zer egiten zuen, bada, orduan, Iñaki Lopez kazetariaren aurrean?

Koherente izatea oso zaila dela esan zuen eta bere amets bakarra, bere alabek eta bere ilobek, hiltzen denean, aita-aitona koherentea izan zela esan dezaten omen da. Negarrari eutsi zion hitzok ahoskatzean. Nik, norabidea galdutako aita-aitona zaharkitu bat ikusi nuen pantailan, indartsu agertu nahian, ahotsa igoz besteak mututzen direlakoan? lotsagabeki. Bizpahiru aldiz esan zuen 77 urte dituela eta 80rekin hartuko duela erretreta politikoa. Auto-publizitatea egitea ere ez zuen ekidin: aurki Kataluniako auziari buruzko liburu berria aurkeztuko omen du? eta bere aurreko liburuak etorri zitzaizkidan burura; bere buruaz egiten duen gain-agerpenarekin ez dela batere koherentea pentsatu nuen. Eta medioen panpina mediatiko bilakatu dela.

Halako tragedia antzeztuen aurrean gazteek zer pentsatzen ote duten oldozten jarri nintzen. Beraiek politikan (adibidez) bidea nola egin dezaketen asmatzen ote duten. Ahal ote duten. Zaharrek oraina den etorkizun honetan lekurik egin dezaten uzten ote dieten. Iraingarria iruditu zitzaidan itzaltzen ez dakien kandela bati sua modu horretan eman nahian ibiltzea eta are gehiago, interesak interes, laguntzea. Egiarik handienek ere indarra galtzen duten eran.