Zirrikituetatik begira

Ulertu

10.01.2020 | 11:05

MUSEORA sartu dira Joseba eta bere emaztea, Mila. Oporretan atzerriko hiri batera doazenean, beti bisitatzen dute museoren bat, "gu adituak ez garen arren" Josebak beti esaten duen moduan. Mila izaten da beti museoa bisitatzera joateko proposamena egiten duena, eta beti erantzuten dio "zuk zer uste duzu museora doazen guztiak direla adituak, ala?". Batzuetan purrustaka sartzen da Joseba, bereziki arte garaikidearen erakusketaren bat bisitatzen badute.

Izan ere, Joseba haserretu egiten da artelan baten aurrean ezer ulertzen ez duenean. Josebak nahi duen lehenengo gauza artelan hura "ulertzea" da, egileak horrekin zer irudikatu nahi izan duen deskubri-tzea, erantzun argi eta zehatz bat nahi du. A, B edo C. Eta presa du. Artelana ikusi eta berehala jakin nahi du. Ez dio artelanari aukerarik eta denborarik ematen. Edo hobeto esanda, ez dio bere buruari tarterik ematen lasaitasunez eta ulertzeko urgentziarik sentitu gabe artelana lasai begiratzeko, bere barnean zer eragiten duen aztertzeko, harridurari tarte bat emateko€

"Zergatik ez diozu kuriositatez begiratzen, besterik gabe?". "Zergatik ez diozu zeure buruari pixka bat harritzen uzten?", galdetzen dio Milak. Bere emazteak beti esaten dio ez duela presarik izan behar gauzak ulertzeko. Lehenengo sentitu egin behar direla, ulertzeko presarik izan gabe.

Milak bere buruari galdetzen dio zergatik haserretzen den hainbeste bere senarra ulertzen ez duen artearen aurrean. Izan ere, ez da indiferentzia sentitzen duena, haserretu egiten baita. Zer da bere senarraren eta beste hainbeste jendearen haserrea pizten duena? Milak sumatzen du bere buruaren askatasunari berari diola beldurra Josebak. Bere buruari hegan uztea kostatzen zaiola. Zergatik ez utzi gorputzari sentitzen, ulertzeko urgen-tziarik izan gabe? Josebak jarraibideak nahi ditu, orri bat zer sentitu behar duen azaltzen diona. Lasaiago sentitzen da zer sentitu behar duen azaltzen badiote. Horregatik haserretzen da. Askatasuna lurralde zabalegia delako. Eta lurralde zabaletan norberak aukeratu dezakelako bidea. Eta horrek beldurra eragitearekin batera, denbora eskatzen du. Lurraldea presarik gabe deskubri-tzen joateko denbora.