EDOZEIN ikerlarik du aztertuko duen errealitatearen eremua nahieran zedarri-tzeko eskubidea; are gehiago, errealitate horren irakurketa behartu eta pentsamendu horren bidez beste errealitate bat sortzen saiatzeko ahalegina ere egin dezake. Hori bai, behin errealiate eremua mugaturik metodologikoki zintzo izan behar zaio planteamenduari, bestela azterketak zorroztasuna galduko du. Hasier Arraiz politikariak euskal literatura tresna harturik gaur egungo munduan ezkerreko euskaldunen tokiaren gainean oldoztu nahia txalotzekoa da, azterketa horretarako beste idazle belaunaldi bat sor-tzen saiatzea bezainbeste, hala nola hori egiteko idazleen ezaugarriak behartzea ere. Ezin dio, ordea, bere zedarritze metodologikoari muzin egin: "Niretzat ez dago Uribe, Cano eta abarren narratibarik Atxaga, Sarrionaindia, Saizarbitoria eta abarren lanak kontuan hartu gabe" (Maitasun keinu bat besterik ez. 35 orr). Arraizek ez daki Atxaga eta Uriberen artean, Tropela deituriko belaunaldia dagoela?

Aspaldi da Berria-n, egunkari honetan argitaratu zuten artikulu baten harira, Tropelaren gainean denborak, denborak esan nahi dudanean euskal literaturaren sistemak eta irakurleek jauzi egingo zutela argitaratu nuela. DEIAko artikulu hartan, 2000 urte ingurua zen, Atxagaren belaunaldiaren hurrengo izenda-tzen baizituzten Arraizek izenda-tzen dituen horiexek. Eta nire orduko tonua, gazteagoa nintzen, ironiko sarkastikoa zen. Arraizen liburua irakurtzean, ordea, haserreak hartu nau: euskal literaturan ez dira inor ez Epaltza, ez Jokin Muñoz, ez Jon Alonso, ez Ana Urkiza (emakumeak tropelekoak izan daitezkeen neurrian), ez Montoia? Atxagaren hurrengoak Uribe, Cano, Rodriguez eta abarrak direla irakurtzean idazteko euskara aukeratu izanaz damutzen naiz, duela hogetia bost urte hutsaren hurrengo izango nintzela abisatu balidate, gazteleraz saiatuko nintzen, eta arrakastarik ezean utzi eginen nuen, eta beste gauza batzuetan emango nituen ordenadorearen aurrean eman ditudan ordu luzeak. Zer, aizue, astolana ere ez bazait onartzen, zoazte pikutara euskal ikerlari eta irakurleok; ni ez nago hemen zuen kultur aniztasun antza antzezteko prest.

Maitasun keinu bat? Utikan!