JAVIER Maroto, gayen eskubideen defentsan aitzindaria, Venezuelara abiatu da demokrazia ikasgaiak ematera, izan ere, Frankoren kontrako borrokak gaztetxo harrapatu bazuen ere, jakina da asko borrokatu dela Espainiako Erresuman demokrazia sendo-tzeko. Javier Marotok, Javier Marotok eta Javier Maroto lakoek bakarrik dakite jakin zer den demokrazia, eta haren defentsan parlamentu subirano batera joan eta bertan aukeraturiko parlamentarien gehiengoari iruzurti deitu eta demokrazia zer den ez dakitela aurpegiratzeko, Javier Marotok berez baitaki, Venezuelako parlamentariek ez. Javier Marotok parlamentari horiei “gente así” deitu ondoren, horrelako jendeak banakako zigorrak jaso-tzeko lan egingo duela agindu die oposizioko parlamentariei.

Javier Maroto dena delakoa dela beti da neurritsu, erdian dago eta arbuio ditu muturrak. Etikaren ai-tzindari ere badenez, Iñaki Ruiz de Pinedori “miserable” deitu zion hartan argi gelditu zen bezala, Javier Maroto ez dago prest demokraziaren inguruko lezio bakarra ere jasotzeko.

Javier Marotok boterea du Espainiako Senatura, geografian Sotosalbos eta Gasteiz pareko direlako, senatari izatea lortu duen senatu horretara, Britainia Handiko parlamentari bat Espainia ez dela demokrazia sendotu bat salatzera etorriko balitz parlamentari hori “esa gente” bilakatzeko. Javier Marotok kolonialismoaz entzun entzun du, baina gauza urruna iruditzen zaio, izan ere, Javier Marotok badaki Cristobal Colon ez balitz Ameriketara ailegatu izan, Venezuelako parlamentariak oraindik zuhaitzez zuhaitz jauzika ibiliko liratekeela oihanean.

Javier Marotok entzun du Txileko protestez, Boliviako estatu kolpeaz, Kolonbiako istiluez, baina Javier Marotori komunisten gauzak irudi-tzen zaizkio.

Seguru bidaia honetan Javier Marotok Leopoldo Lopezen, Lilian Tintori, emaztearekin egon dela. Diotenez Tintori gafea da, berarekin argazkia egindako politiko guztiek erreka jota bukatu dute Mariano Rajoytik hasi, Cristina Cifuentes eta Albert Riverarekin jarraitu eta Alan Garcia arte. Lilian, salba gaitzazu, nahiko Javier Maroto izan dugu!