EGIA da gerretan lehengo galtzailea, edo beste modu batera esanda, gezurra da gerretako armarik eraginkorrena. Badirudi, ordea, bake garai hauetan, egia galtzaile dugula zer den ez dakielako batez ere.

Erresumindu egiten nau Espainiako eskuineko politiko batek ezkerreko politiko bat isilarazten duenean argudiatuz 34ko Iraultzaren (grebak izan ziren nagusiki) kontrako eran-tzun babestzailea izan zela 36ko Altxamendua eta geroko gerra. Ezkerreko politiko horrek argudia-tzeko tradizio historikorik ez izatea oso adierazgarria iruditzen zait.

Eskuinekoaren argudiatzea, aldiz, historiaren faltsutze erasokorrenetik egina dago, adostasun “demokratiko liberalak” pot eginik, eskuintasuna, are muturreko eskuintasuna, erakusteko batere lotsik ez duela. Kanpoko adibide bat ekartzegatik, han ere txakurrak ortotsik, Viktor Orban Hungariako presidenteak Holokaustoaren monumentua izan behar zena “Alemaniak 1944ko martxoaren 19a Hungaria okupatu zuela” salatzeko monumentua bilakatu zuen, iruditeriak ongi erakusten duen bezala: Hungariako aingerua zutik dago atzetik Alemaniako arranoa erasoan datorkiola.

Benetan okupatu zuen Alemaniak Hungaria? Literataltasunari begiraturik bai, baina Horthyren erregimena 1940rako bat egina zegoen Ardatzaren Indarrekin, eta ongi etorria eman zion Hitler aliatuari. Monumentuak, beraz, gezurra dio alemanek ez baitzuten Hungaria okupatu, eta gainera nazioan gertaturiko genozidioan hungariarrek ez zutela parte hartu iradokitzen du, izan ere, alemanek hil zituzten judutarrak, homosexualak, ijitoak eta disidenteak, eta Horthyren gobernuak ez zuen ikustekorik izan.

Horrela, Hungaria salbu eta aratz gelditzen da, batetik, konzentrazio eremuetan hildakoak, hungariartasuna ukaturik, soberakin bihurtzen dira eta bene-benetako hungariarrek, alemanek hil ez zituztenak, sarraski hartan ardurarik ez zutela izan baieztatzen da.

Halaber Espainiako Erresuman: Alde Errepublikanoan borrokaturiko guztiek ez ziren espainiarrak eta Altxamenduaren aldekoak bakarrik dira benetako espainiarrak. Gezur hori eta honaino eragin dituen ondorioak salatu arte, jai du Espainiako ezkerrak.