ILEA moztuta oso guapo dagoela esan dio barran dagoen emakumeak berarekin kafea hartzen ari den gizonari. Gizonak eskua pasatu du iletik eta irribarre egin du. Ez dago ohituta antza, lausengurik jasotzen. Baina barraren bestaldean dagoen ispilura begiratzeko duen moduak erakusten du gustatu zaiola emakumeak esan diona. Agian eguna poztu dio.

Lantokian, lankide batek besteari esan dio asko gustatu zitzaiola kanpoko bezero batzuekin atzoko bileran gauzak azaltzeko izan zuen modua. Benetan eraginkorra izan zela, eta zinez dela garrantzitsua bera bezalako pertsonak izatea enpresan. Hau entzutean, lankideak gogoz ekin dio eguneko lanari.

Irakasleak ikaslea zoriondu du, ebaluaketa honetan adi ikusten duelako bere klaseetan eta jarrera oso positiboa duelako. Ikaslea autoestimua sustatzeko pastilla bat hartu izan balu bezala irten da gelatik.

Afaria prestatzen ari diren bitartean, senarrak une batez eskua hartu dio emazteari eta esan dio elkarrekin hogei urte egon eta gero oraindik zirrara sentitzen duela bere azala laztantzean. Berak ez duela zirrarik sentitzen erantzun dio emazteak? eskua irinez zikinduta duelako. Barrez lehertu dira biak, besarkada batean bilduta.

Askotan gure inguruan dagoen jendeari buruzko iritzi eta sentimendu baikor ezberdinak baditugu ere, ez ditugu adierazten, ez diegu esaten gaur guapo ikusten ditugula, edo asko gustatu zaigula zerbait egiteko izan duten modua? Pena da albokoak informazio hori galtzea.

Izan ere, egunerokoa indarrez eta kemenez aurrera eramateko beti baitator ondo besteen berotasuna sentitzea.

Urrunago joan gabe, atzo bertan taberna batean kafea zerbitzatu zidan emakumeak egunkari honetan idazten ditudan guztiak gogoz irakurtzen dituela esan zidan, eta askotan datorrela bat nire iritziekin. Berari eskaintzen diot bada artikulu hau. Kafea hartzeko ordua poztu zidalako. Norbait zoriontzeko gogoa baduzu, ez izan zalantzarik, egizu. Agian eguna poztuko diozu eta.