zuetariko batzuek jakingo duzue Iruñean gertatu denaren berri, gehienoi oharkabean pasatuko zi-tzaizuen. Iruñeko Udalak Twitter kontu nagusi bat zuen, ele bitan aritzen zena, euskaraz eta gaztelaniaz, aurreko udal gobernuak hala erabakirik. 8.200 bat jarraitzaile zituen.

Maia alkateak -bera espainiarra izan arren deitura euskalduna denez, Maia, ez Maya- aldatu egin nahi izan du sare sozialetako politika. Bi kontu bereiz egitea erabaki du, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Erabakia estrategikoki eztabaidagarria da, baina badira horrela funtzionatzen duten beste hainbat erakunde.

Itsuskeria salagarri bat egin dute, ordea: ele biko kontuak zituen jarraitzaile denak gaztelaniazkoari erantsi eta euskarazkoa hutsetik abiatzera bortxatu.

Txiolari euskaltzale eta ekin-tzaile batek, @exprai-k, erabakiaz asaldaturik, kanpaina bat abiatu zuen: “EUSKALDUNOI ESKAERA!! Navarra Plusen #euskarafobia-ri erantzun: 1. Unfollow @Pamplona_ayto 2. Jarraitu @Iruna_udala 3. Bertxiotu, mesedez. Eskerrik asko!”.

Beste hainbat pertsona batu zi-tzaizkion ekinbideari, eta berehala hasi zen egoera iraultzen: erdarazko kontua jarraitzaileak galtzen hasi zen tantaka-tantaka, eta euskarazkoa borborka irabazten.

Egun gutxiren buruan lortu da sorpassoa. Atzo iluntzerako erdarazkoa 7.577ra jaitsia zen, eta euskarazkoa kopuru hori gainditu eta tiroa bezala zihoan gorantz. Maia mahai azpian irudikatu dut. Horrelako oldarrek erakusten dute oraindik bizirik dagoela euskaldungoa, eta are biziago erantzun beharko dugu etorkizunean.

Alderdi abertzaleak legez kanpo utzi nahi dituzten horiek gustura egingo lukete gauza bera euskara, katalana, galegoa, bablea edo zeinahi hizkuntza edo dialektorekin. Jarrai dezagun hortzak zorrozten...