Euskal hizkuntzak sekulako aurrerapena izan du euskararen lurralde guztietan. Edozein gisaz, argi dago bilakaera ez dela homogeneoa izan dentsitateari, euskararekiko atxikimenduari, transmisioari, erabilerari eta abar luze bati dagokienez. Ondorioz, azterketak-eta egiten ditugunean, komeni da, zenbakietatik harago, inguruabarrak ondo azaltzea. Eremu euskaldunetan hizkuntzaren erabilerak zertxobait behera egin badu, aztertu beharko da zein adin-tartetan gertatu den eta uneko kontua ote den, besteak beste, herritarren jatorria, osaera eta hizkuntza-gaitasuna tartekatzen direlako. Halaber, aztertu beharko da euskararen presentzia indartzen ari den aisialdian, lagunartean, kirol eta kultura-jardueretan eta abarretan.

Hiri-eremuetan, non euskarak presentziarik urriena daukan eta euskaraz jarduteko aukerak eskasak diren, kontuan hartu beharko dugu elebidunenak diren belaunaldi berrien kopurua eskasten ari dela eta, horren ondorioz, gutxieneko dentsitatea lortzeko beharko dugun denbora-tartea luzatzen ari dela, besteak beste, jaiotze-tasaren jaitsieraren ondorioz. Halaber, kontuan hartu beharko dugu gure artera etorri eta etorriko diren migratzaileen jatorria. Horietako hainbati esker, jaiotze-tasa ez doa are beherago, eta gainera, jatorriz latinoamerikarrak dira asko eta asko eta gaztelania dute ama-hizkuntza. Bestelako hiztun-elkarteetatik datozenen kasuan, ordea, gaztelania ikasteko berebiziko ahalegina egin behar dute gure gizartearen egunerokotasunean murgildu ahal izateko. Horiek horrela, pentsa dezagun zer egin dezakegun migratzaile berriei ateak irekitzeko eta tokian tokiko biztanleekiko harremanak eta elkarreragina bizkortzeko.

Euskararen biziberritzeari bultzada berria emateko baliatu beharreko gailuak askotarikoak dira eremu euskaldunetan, mistoetan eta erdaldunduetan; herri txiki, ertain zein handietan eta eskualdeburuetan. Hainbatetan, euskarazko irakaskuntzari bultzada emateko tartea dago, esate baterako, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian edota, orobat, izaera pribatuko ikastetxeetan. Aukera zabalak dauzkagu herri-erakundeetan, euskara lan-hizkuntza bilaka dadin, bai eta herri-erakundeetatik eremu pribatuan sustatzen diren askotariko jardueretan euskararen presentzia eta erabilera indar daitezen laguntzeko, arreta berezia jarriz herritarrek, besteak beste, adinekoek eta gazteek, helmugatzat dauzkaten zerbitzu-jardueretan. Badago nahikoa lan, gogoa eta borondatea baino ez dira behar! l