Edozein gisaz, adierazpen askatasuna aitzakiatzat hartuta kritikatik irainera jauzi egiten denean, gezurrak hedatzen, desberdin pentsatzen dutenak hil beharko liratekeela desiratzen eta aldarrikatzen, emakumeak mespretxatzen eta abar egiten denean, hots, norbaitek bere askatasuna aldarrikatzeaz batera beste batzuena hankapean hartzeko baliatzen denean, ez dut uste adierazpen askatasunari eta bizikidetzari buruz dauzkagun ikuspegiak inolaz ere partekatzen ditugunik.

Ematen du batzuek zernahi egin dezaketela eta horretarako eskubidea aldarrikatzen ari direla. Gauza bera pentsatuko lukete gainerakoek, kontrako norabidean, berdin esan eta egingo balute? Gizarteko sektore batzuek askatasuna aldarrikatzeko moduaren eta eskuin muturrak ikuskera jakin bat inposatzeko darabilenaren artean ba al dago alderik? Ezetz esango nuke... eta oso arrisku-tsua da norbanakoen eta herri ondasunak birrintzea, kazetariak beldurtzea edo jipoitzea, segurtasun indarrei aurre egitea eta herritarrak izutzea helburutzat duten jokabideak zuri-tzen saiatzea. Inguruabar horretan, atentzioa ematen du halako jokaeren aurrean Pablo Hasél eta enparauen jarrera, sinesgarritasuna kentzen baitie beraien eskakizun guztiei.

Azalpen gisa ezin esan daiteke istiluak, ondasunak birrintzea, lapurretak eta liskarrak halako frustrazio baten edota izurriteak eragindako nekearen emaitza direna. Gizartearen gehiengo zabalak ez du halako jokabiderik erakutsi, pertsona ugari lanik gabe geratu arren, negozioak itxi beharrean aurkitu arren, hildako senideak agurtzeko aukerarik gabe gelditu arren, egunerokoan baldin-tzatuta bizi diren arren eta abar, besteak beste, izurriteak denoi eragin baitigu, ez istiluen atzealdean dabiltzan eta, istiluen ondoren gurasoen aterpera bueltatzen diren gutxi ba-tzuei bakarrik.