Nire lagun Haritzi ere asko gustatzen zaio bidaiatzea. Hainbat kontinenteetan ibilia da, baina aurreko urtean etxetik gertuago moldatu behar izan zuen. Kotxea hartu eta aurrera eta atzera ibili zen, bestela ezagutuko ez lituzkeen tokiak ezagutzen. Pozik bueltatu zen, baina honi ere nabaritu zitzaion urrutiagoko jomugak dituela gustuko, kultura desberdinetan murgildu. Urte txarra ari dira pasatzen lanean, aldi baterako erregulazio espedienteak, lan gutxi, burua bueltaka eta lo ezin lasai egin. Merezi ditu opor eder batzuk egia esan, baina arrisku taldekoa ez denez, ez nagusiegia adinez, ez irakaslea eta ez beste ezer, ziur aski ez du azkenaldian entzun dugun pasaporte biologikoa bidaiatzeko moduan izango. Etxe inguruan geratu beharko du berriz ere. Kategorizatu gabeko langileek oporrik mereziko ez balute bezala.

Txertoen eugenesiak aukeratuko du aurten nor joango den oporretara eta nor ez. Pasaporte biologikoak erabakiko du merezitako deskantsua hartzerik ote dugun mugetatik harat. Guk jarri ez ditugun mugetatik harat. Benidorm-ekoak pozik egon daitezke, haien bezeroak prest izango dituztelako laster, baina beste asko eta asko gehiegi mugitu gabe geratuko dira ziztadarako kualifikatuak ez direlako. Badakit ez daudela denontzat, baina batzuk, gehiengoak, babesa txerto formatuan ez jasotzeaz gain, atzerria ezagutzea ere ez dute posible izango, eta ondorioz zigor bikoi-tza jasango dute. Batzuk babesa eta oporrak bai, beste batzuk ezer ez.

Bidaiatzeko aukera errazena erret etxeko kide izatea da. Honek ateak irekitzen dizkizu munduan zehar, eta alde batetik bestera mugitzeko baimena dakar pasaporte horrek, ez besteak bezala. Baita txertatua izateko ere, Ali Baba eta beste berrogeiak ezkutatzen diren horretara joan ezkero. Aitari kasu egin, eguzki pixka bat hartu eta txertatuta bueltatu. Ez zait plan txarra iruditzen. Anaiaren enpresak ordainduko zituen gastuak gainera, dena barne.

Hor bai txortaketa. Batek dituen pribilejioak erabiltzea besteen gainetik pasatzeko. Itxaron, ez al dute hori egin betidanik? Nik behintzat ez nuen espero denak bezala osasun zerbitzuen deiaren zain egongo zirenik. Ez ditut imajinatzen Opel Corsa batean anbulatoriora gerturatzen autotik jaitsi gabe txertoa hartzeko, edo Illunbeko zezen plazan plastikozko eserlekuan denbora egiten. Tira, zezen plazan irudikatzen ditut egia esan, jendetzari agur egiten palkotik. Edozein kakanahastek zipriztintzen dituenean bezala, irrifarre egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala aurrera begiratzen.