kARL Marx-ek esan omen zuen historia bi aldiz gertatzen dela. Lehena tragedia handia bezala eta bigarrena fartsa ziztrin gisa. Gure mendeko hizkuntza sinpletura ekarrita, behin errore bat eginda, bigarrenez gertatzen bada nolabaiteko ez hobetzeko borondatea egon dela esan nahiko luke. Hobe-tzeko borondate hori bera ordea errorea onartzearen bidetik etor-tzen da. Norberak dena ondo egiten duela pentsatzen badu ez baitago akatsetarako tarterik, eta akatsik ezean, ezin zuzendu jokabiderik.

Omertá kontzeptua aipatu zuen aurrekoan Rufián-ek Espainiako kongresuan. Hitz honek jatorri italiarra duela esan genezake, bertako hizkuntzakoa ez baldin bada ere zentzurik zurrunenean. Hitz honek isiltasunarekin du zerikusirik, kideen arteko isiltasuna, buruzagiarekiko menpekotasuna edota poliziarekin elkarlanik ez izatearekin. Ondorioztatuko zenuten dagoeneko mafiaren inguruko kontzeptua dela, eta azken finean fideltasun kode edo jokabide bat adierazten duela, non behin parte izanda, elkar babestu beharrean aurkitzen zaren. Sozialistei ari zi-tzaien Rufián.

Pasatako urak errotarik mugitzen ez duela ere aipatu ohi da maiz, gustoko ez dugun gai bat mahai gainera ateratzen dutenean. Ahaztu eta aurrera begira jartzeko gomendioaren aurretik aipatzen da sarri, eta deserosotasun ugari gainetik kentzeko bide azkar samarra da. Gai batzuk aldiz ezin dira hain erraz gainetik astindu, eta tarteka berriz agertzen dira bueltan, gutxien desio dituzunean, gehienetan min egiteko asmoz jaurtitako dardo moduan, inork ez baitu lokatza mugitzen zikindu nahi ez badu behintzat.

Horrela azaldu zen GAL eta Felipe González-en arteko konexioa agerian, edo are ageriago, uzten zuen CIA-ren txostena. Pelikuletan gaizkile estatubatuarrak ordubete azpitik harrapatu, epaitu eta kasu batzuetan heriotzera zigortzen dituen inteligentzia zerbitzu horri berari gehiegitxo kostatzen zaio beste zenbait txosten argitaratzea, baina tira, konfirmatzearren bada ere, hobe berandu sekula baino.

GALengatik galdetu, eta Gonzálezek presidente gisan zeinen lan ona egin zuen erantzuten dizunak ordea ez du ez interesik, ez gogorik galderari erantzun eta kasua argi-tzeko, eta honek harritu gaitzakeen arren gardentasuna denon ahotan dagoen garai honetan, are harrigarriago bihurtzen da justiziak bere kabuz kargurik hartzen ez duenean.

Ustelkeria ez da soilik dirua gorde-tzean gertatzen, ez eta pareko lubakietan soilik gertatzen ere. Baina etxeko zikinak tapatzen saiatzen den edozein pertsona edo alderdik nekez irabaziko du sekula konfian-tzarik, nekez lortuko gardentasunik, baina nork behar du horrelakorik boterea kontrolpean duenean?

Eroskin lapurtzea edo master bat faltsutzea afera larriak dira, eta arma bezala erabili izan dira, baina GAL edo Espainiako Erregeen negozio lizunak aipatzean, uzkiak dantzan jarri eta zenbait alderdiren etsaitasunak zipriztintzen dituen lokatzak berak estaltzen ditu afera hauek, magia bailitzan, hurrengo uholdera arte.