Plan ederra neukan azaroren 5eko iluntzerako Bermeon. Aimar Olaizolak Artza pelotalekua aukeratu eban bere kirol ibilbideko azken partidua joka-tzeko Bizkaian. Olaizola II-Zabaleta bikotea Urrutikoetxea eta Albisuren aurka. Kartel erakargarria ezelango zalantza barik. Tebasen Ligeak, ostera, Athletic-Cadiz partidua ipini eban pilota jaialdiaren egun eta ordu berean. Ez neban aukera-tzeko modurik izan, lan kontuek Katedralera joatera behartu ninduen-eta. Artza frontoia bete ebenek partidu bikaina ikusteko aukerea euki eben. San Mamesera joan ginenok, ostera, sufridu baino ez genduan egin geure taldea ezinean ikusita.

Marcelinok be sufridu egin eban aulkian, eta asko ganera. Athleticek aukera bikaina eukan sailkapeneko goialdean sartzeko baina zuri-gorriak ez ziran aukerea baliatzeko gauza izan zaleen aurrean San Mamesen. Triste eta hasarre agertu zan entrenatzailea partidu osteko prentsaurrekoan, taldeak huts egin eutsolako. Rayo Vallecanoren aurka, entrena-tzaileak sei aldaketa egin ebazan hamaikakoan eta taldeak txarrerako igarri eban. Cadizen aurka, ostera, ustezko talderik indartsuena zelairatu eban Marcelinok. Iñigo Martinez, Vivian eta Vencedor ez egotea ezin da onartu atxakitzat. Ez hori, ez beste ezer, Marcelinok berak esan eban moduan. Egun txar bat edozeinek euki leike, bai, baina egun txar hori hamabost jokalarik leku eta ordu berean batera eukitea, kezkagarria da benetan. Ganera, komodin hori -egun txarra izatearena- Rayo Vallecanoren aurka erabili eben.

Larogeta hamar minutu euki ebezan zuri-gorriek kontrako emaitzea iraultzeko baina ez ziran gauza izan. Lehen mailako atzealderik sendoena -gol gitxian jasotakoa behintzat- inoiz baino makalago ibili zan eta Cadizek ezer gitxi eginda lortu eban markagailuan aurretik ipintea. Erasora begira, Muniain, Williams, Berenguer eta enparauak ez ziran gauza izan pase bi erreskadan josteko eta are gitxiago arriskurik sor-tzeko Ledesmaren ate aurrean. Titulartasuna berreskuratu eban Oihan Sancetek be denboraldiko bere partidurik txarrena jokatu eban. Eta markagailuan hain goiz atzetik ipini izanak ustez sorturiko urduritasuna be, ezin da aitzakitzat hartu.

Horrelako porrotetatik ikasi egiten dala dinoe eta itxaron daigun Cadizen aurkako erredikulua baliagarri izatea Levante, Granada edota Getaferen aurkako partiduetan.