ste ederra dogu aurretik. Izan be, Athleticek kopa txapelketako finalerako sailkatzeko aukerea dauka eguenean Levanteren aurkako partiduan. Eta jakina, aukera hori ez da sarritan eukiten. Ganera, helburua lortuko balebe, zuri-gorriek kopako final bi jokatuko leukiez aste gitxiren buruan. Historikoa izango litzateke ezelango zalantza barik. Jokoan dagoana oso erakargarria da. Saria jasoteko, baina, Levante kanporatu behar da eta horretarako Marcelino Garcia Toralen taldeak aurrepausu bat emon eta konpondu egin beharko leukez orain arte erakutsitako akatsak, atzealdean zein aurrealdean. Zuri-gorriek garaipen bakarra eskuratu dabe azken sei partiduetan, Ramon De Carranzan lortutakoa hain zuzen be. Gainerako bost partiduak banako bardinketeagaz amaitu dira eta ez dogu ahaztu behar emaitza horrek ez leuskigula finalerako txartela emongo. Atxakiek ez dabe balio, Levanteren aurkakoa finalaren atariko finala da-eta.

Hiru partidu jokatu dauz aurten Athleticek Levanteren aurka eta ez dau bat bera be galdu. Ligako seigarren jardunaldian zuri-gorriak 2-0 nagusitu ziran San Mamesen. Hurrengo partidu biak, kopan Katedralean eta ligan Valentzian, banako bardinketagaz amaitu ziran. Hiru partiduak ikusita eta batez be Marcelinoren taldeak aurreko barikuan Ciutat de Valencian erakutsitako nagusitasuna kontuan izanda, Athletic zaleok badogu baikor egoteko arrazoirik datorren egueneko partidura begira. Eskertzekoa izango litzateke, markagailuan atzetik hasteko ohiturea beste egun baterako iztea.

Arestian esan doten lez, Athleticek aurrerapausu bat emon behar dau. Marcelinoren taldea aurkariak baino gehiago izan da partidu gehienetan baina hau dala edo bestea dala ez dau garaipen askorik lortu eta puntu asko itxi dauz bidean. Era berean, entrenatzaile asturiarra San Mamesko aulkian dagoenetik -hamahiru partidutan- Bartzelona bakarrik izan da gauza zuri-gorriak menderatzeko. Entrenatzaileak dino pozik dagoala taldeak defentsa lanetan erakusten dauen errendimenduarekin baina inork baino hobeto daki opari gehiegi egiten dabezala. Levanteri oparitu egin eutsiezan golak Ciutat de Valencian ligan eta San Mamesen kopan. Huts-egite larriak izan ziran eta ezin dira errepikatu. Bestalde, talde zuri-gorriaren nagusitasunak ez dau islarik izaten markagailuan, Williams eta enparauek ez dabelako asmatzen aurkariaren ate aurreko aukerak saretaratzeko orduan. Aspaldiko arazoa da hori baina konpondu beharrekoa. Eguenean inoiz baino garrantzitsuagoa izango da eraginkortasuna erakustea aurkariaren ate aurrean, zuri-gorriek golak behar ditue-eta.

Plantilako gizon guztien artean aukeratu ahal izango dau Marcelinok Levanteren aurkako partidurako hamaikakoa osatzeko. Oso garrantzitsua izango da Iñigo Martinez zelaian egon ahal izatea. Ez dago argi nork jokatuko dauen eskumatik, baina Oscar de Marcosen aldeko apostua egingo neuke. Zelai erdian, Berenguer eta Muniain egongo dira hegaletan baina ez dago garbi zein bikotek jokatuko dauen barrutik. Unai Lopez da aukera gehien dituena Vesga edo Dani Garciagaz jokatzeko. Unai Vencedor ez zan fin ibili ligako partiduan eta ez dot hasierako hamaikakoan ikusten. Aurrealderako, Marcelinok ez dau zalantzarik erakutsi eta Williams eta Raul Garciak osatutako bikotea zelairatuko dau. Kontuak kontu, finalak irabazteko jokatzen dirala dinoe. Ba Levanteren aurkakoa, finalaren atariko finala da. Irabazi beharrekoa, beraz.