Nou Campetik esku hutsik itzultzea normaltasunaren barruan dagoala esan geinke, batez be talde zuri-gorriak -eta edotzein taldek- Bartzelonaren zelaian lortu dituen emaitzak ikusita. Kontua da, oraingo honetan Athletic zaleok uste genduala punturen bat lortzeko aukerea inoiz baino hurrago egoala, azken asteetan Marcelinoren eskutik taldeak euki dauen hobekuntzea ikusita. Ganera, hondino be ahaztu barik daukagu Espainiako Superkopan Bartzelonaren aurka lortutako garaipena. Usteak uste, Athleticek ezin izan eban punturik lortu Nou Campen. Ez zan helburua lor-tzetik urrun ibili Marcelinoren taldea eta azken minutura arte istutu egin eban etxeko taldea. Beti esaten dogun legez, galtzeko eta galtzeko moduak dagoz eta zuri-gorriek bide onetik jarraitzen dabe Bartzelonan galtzaile izan arren.

Beti entzun izan dugu Bartzelonaren aurkako edozein partidutan gauza bi gertatu behar dirala Athleticek garaipena eskura-tzeko aukerak euki daizan: alde batetik Messi eta enparauek ez dabe euren maila onena emon behar eta bestetik zuri-gorriek partidu biribila egin behar dabe. Nou Campen jokatutako partidua kontrako bidetik hasi zan. Ronald Koemanen taldeak oso sendo ekin eutson norgehiagokari bereziki motibauta agertu zan Messiren eskutik. Era berean, Marcelinoren taldeak ez eban asmau aurkaria geratzeko orduan. Horregaz batera, zuri-gorriak hurreratu be ez ziran egin Ter Stegenen ate ingurura.

Messirik onena zelaian zala, etxeko taldeak ez eban lagun-tzarik behar aurkaria menderatzeko. Mateu Lahozek, ostera, laguntzatxu bat emon gura izan eutson Bartzelonari eta Athleticen aurkako falta eztabaidagarria adierazo eban areatik metro batera. Messik, jakina, ez eban huts egin eta Unai Simonen atearen eskuadran ipini eban baloia. Ordura artekoa ikusita -aurkari baten nagusitasuna eta bestearen ezina- partiduak ez eban itxura onik hartu Marcelinoren taldearentzat. Hori bai, etxeko taldearen nagusitasuna erabatekoa izan arren, zuri-gorriak bizirik joan ziran atsedenaldira.

Superkopako finalean gertatu zan moduan, lehoiek ez eben amore emon euren burua atzetik ikusi ebenean markagailuan. Lehen zati makalaren ostean, beste talde bat ikusi genduan Nou Campen. Lehen zatian Athletic ez zan ondo lehiatu Bartzelonan. Bigarrengoan, barriz, danok nahi dogun talde ausart eta lehiakorra ikusi genduan. Esanguratsuak izan ziran Koemanen azken minutuetan emaitzeari eusteko egin ebazan aldaketak.

Aste erakaragarria dauka aurretik Athleticek. Ia konturetu barik, zuri-gorriek esku-eskura daukie kopa txapelketako finalaurrekoetarako sailka-tzeko aukerea. Benito Villamarinekoa azterketa gogorra izango da zuri-gorrientzat eta zer galdu asko izango dabe zelaian. Superkopan Real Madrid edo Bartzelonaren aurka galtzea normaltasunaren barruan sartu eitekean. Pellegriniren taldea kanporatzeak beste kopa txapelketako final baten atarian ipiniko leuke Athletic eta aukera hori galtzea porrota litzateke ezelango zalantza barik.

Athleticek kontratu profesionala egin deutso Oier Zarraga Egaña jokalari gazteari. Albisterik onena da berrogeita hamar urte beteten dauzen Lezamako harrobiarentzat. Baina orain dala gitxi Jagoba Arrasate Berriatukoako entrenatzaileak esan dauen legez, garrantzitsuena ez da harrobiko jokalari bati lehen mailan debutatzeko aukerea emotea, goi maila horretan sendotzeko aukerea izatea baino. Zorionak Oier!!!.