IGA txapelketako hamabosgarren jardunaldiko partidua jokatuko dau Athleticek bihar Vila-realen eta beste azterketa bat edo beste match-ball bat gainditu beharko dau Gaizka Garitanok. Lehiaketea aurrera doa eta ez dago bakerik talde zuri-gorrian. Eten barik irakitan dagoen sumendia dirudi eta presino hori ez da bape lagungarri taldearentzat. Pentsa leiteke, Garitano bere kargutik kenduta baino ez dala amatauko su hori, taldearen joko makalaren errudun bakarra bera balitz lez. Ganera, Athleticek datorren domekan egingo dau bazkideen ordezkarien batzar nagusia eta horrek areagotu egingo dau Aitor Elizegik eta bere zuzendaritza batzordeak jasaten dabilzan presinoa, Garitano bere kargutik kentzeko. Jakina, Vila-realen zelaian irabaztea litzateke urtenbiderik onena. Gauzak zelan dagozan ikusita, baina, ez dot uste horrek be egoerea lasaituko leukenik.

Futbolean garaipen eta porrot guztiak ez dira bardinak. Irabazteko eta galtzeko moduak dagoz. Athleticek galdu egin eban Real Madriden zelaian baina zaleok pozik geratu ginan taldeak erakutsitako jokoagaz eta jokalari bat galdu ostean emon eban erantzunagaz. Hurrengo jardunaldian, Garitanoren taldeak hiru puntuak eskuratu ebazan Huescaren aurka baina zuri-gorriek jokatutako partidua ez zan bape ona izan. Lau jardunalditan garaipenik eskuratu ezinik egon ostean garrantzi handiko puntuak lortu arren, Garitanok kritika gogorrak eta zorrotzak jaso ditu. Entrenatzailearen sententzia idatzita dagoala dirudi eta oztopoz betetako bidea egiten ari da, edozein jardunalditan kargutik kendu leikiela jakinda.

Huescaren aurkako partidua irabazi beharra egoan, bai ala bai. Mikel Rico eta enparauen aurka galdu ezkero ziurrenik Garitano kendu egingo eben bere kargutik. Partidua hasi aurretik be, entrenatzaileak kritika gogorrak jaso zituan Dani Garcia eta Mikel Vesga alkarregaz zelairatu ebazalako zelai erdian. Garitanok sendotasunaren aldeko apostua egin eban, erasoko jokoari indarra kenduta, azken sailkatuaren aurka jokatu arren eta San Mamesen ganera. Kontuak kontu, lehenengo zatian Athleticek ez eban arriskurik sortu aurkariaren atean. Bigarren zatian zuri-gorrien jokoak hoberantz egin eban arren, partiduaren azken txanpara arte ez ziran gauza izan gola sartzeko. Ordurako ez egozan zelaian Dani Garcia, Muniain edota Williams. Partidu horretara arte hamabi minutu bakarrik jokatuta egoan Kenan Kodrok emon eutson garaipena talde zuri-gorriari. Azpimarratzekoa baita Jon Morcillo gazteak erasoko jokoari emon eutson bizitasuna. Gatxa da ulertzeko zelan desagertu dan hamaikakoetatik, jokatu dituen minutuetan emon dauen errendimendu ona ikusita.

Partidu gatxa jokatuko dau Athleticek gaur Vila-realen. Umai Emeryren taldea laugarren dago sailkapenean eta hamalau jardunalditan behin bakarrik izan da galtzaile, Bartzelonaren aurka Nou Campen. Baina egia esateko, aurkariak ez nau arduratzen, Athleticek baino. Izan be, ez dakigu zein talde ikusiko dogun La Ceramica estadioan. Real Madriden zelaian ezustekoa emoteko zorian egon zan talde sendoa eta ausarta ala Huescaren aurkako partiduaren zati handi baten ideia barik eta erasoan min egin ezinik ibili zana. Zuri-gorriek hiru puntuak merezidu ebezan Mestallan eta bardinketa lortzeko zorian izan ziran Real Madrilen zelaian. Ia gaurko honetan partidu biribila egin -ia txartel gorririk edota huts-egite larririk ez badago- eta hiru puntuak eskuratzen dabezan. Horretarako, Williamsek aurrepausu bat emon behar dau, oso txarto jokatzen dabil-eta. Taldeak eskertuko leuke.