GFutbol partidu batean hainbat alde garrantzi-tsu badagoz be, bat dago beste guztien ganetik: Gola. Eta golik sartu ezean bedartzan egindako lanak ez dau saririk jasoten, behar hori bikaina izan arren. Horixe berori jazo jakon Athleticeri Celtaren aurkako partiduan. Gaizka Garitanoren taldeak denboraldiko partidurik onenetarikoa jokatu eban baina ezin izan eban garaipena eskuratu, huts egin ebalako aurkariaren ate aurrean izan zituen aukera garbiak gauzatzeko orduan. Kontuak kontu, zapore gazi gozoa geratu jaku. Alde batetik, taldeak erakutsitako jokoak eta indarrak itxaropentsu egoteko arrazoiak emoten deuskuz. Baina bestetik, Athleticek golak sartzeko dituen arazoak kezkatzen hasteko modukoak dira. Entrenatzaileak berak aitortu dauen moduan, golik sartu barik edo bakarra sartuta partiduko ez da erreza hiru puntuak eskuratzea.

Futbol partidu polit eta ikusgarriaz gozatzeko aukerea euki genduan domekan San Mamesen. Izan be, zelaian lehiatu ziran talde biak garaipenaren bila joan ziran hasiera-hasieratik. Beno, egia esateko Celtak ez eban gogo handirik erakutsi baloia jokoan izateko baina edozelan be talde galiziarrak erasoko jokoaren aldeko apostua egin eban. Batez be, gola sartu eban arte. Hortik aurrera, baina, talde bakarra egon zan zelaian, Athleticek aurkaria zapaldu egin eban-eta.

Futbolean bardinketa guztiak ez dira bardinak. Eibarren aurkako bardinketak eta Celtaren aurkakoak ez daukie zer ikusirik. Mendilibarren taldearen aurka zuri-gorriak ezinean ibili ziran. Galiziarren aurka, ostera, garaipena eskuratzeko egin beharreko guztia egin eben, aurkariaren ate aurrean izan ezik. Gaizka Garitanoren jokalariei ezin jake ezer arpegiratu. Partidua amaitu ostean Athleticeko entrenatzaileak esan eban Raul Garcia aurrelari lez zelairatu behar izateak garbi erakusten dauzela zuri-gorriek golak sartzeko daukiezan arazoak. Izan be, inork ez dau Aritz Adurizen lekukoa hartu golak sartzeko orduan. Kontua da, arazo honek konponbide gatxa daukala. Orain arte ikusitakoaren arabera, pentsa lei ikusita dogula aurrelari donostiarraren azken gola. Beraz, daukanagaz tiretu behar dau Garitanok. Edozelan be, Celtaren aurka lez jokatu ezkero golak berez etorriko dira.

Athleticek aukera polita galdu dau garaipenaren bidera itzultzeko. Garitanoren taldeak ez dau ligako partidurik irabazi, abenduaren 1ean Granada San Mamesen menderatu ebanetik. Hurrengo bost partiduetan, ostera, lau punto baino ez dau lortu. Hasiera batean eta ganetik aztertuta, ez da bape marka ona. Apur bat sakondu ezkero, ostera, Athleticek oso maila ona emon dau Real Madrid, Sevilla eta Celtaren aurka. Azken partiduan, ganera, Katedralean gustoko dogun futbol bizia, zorrotza eta intensidade handikoa erakutsi eban, merezitako saria jaso barik geratu bazan be. Zaleok pozik urten genduan San Mamesetik.

Jokalari batzuren lana nabarmentzeagaitik, Iñigo Martinez itzel ibili zan Celtaren aurka. Atzealdean ohiko sendotasuna erakusteaz gain, ondarrutarrak bultzatu egin eban taldea erasoko jokoan. Liderra da eta asko emoten deutso taldeari. Unai Lopez hazi egin da. Yuri eta Capa lasterketa zaldiak dira hegaletan. Eta esan beharrik ez dago taldearen jokoak eskertu egin dauela Iker Muniainen itzulerea.

Ezin amaitu Jose Mari Argoitia zoriondu barik bere 80. urtebete-tzean. Omenaldi txiki bat eskeini eutsien San Mamesko palko barruan. Jose Marik, zelaira urten eta 41.000 zaleren berotasuna eta babesa sentiduteko aukerea izatea merezidu dau.