ANESTESIAK atera nin-tzen unea gogoratzen dut. Ebakuntza bat egin zidaten, eta hainbat orduz anestesiatuta egon banintzen ere, esnatzean, lokartu nindutenetik segundo bakar bat igaro balitz bezala sentitu nuen. Esnatu nin-tzenean, beldur sentsazio deseroso batek eraso ninduen. Benetan hiru ordu pasatu dira? Eta non egon naiz ni ordu horietan? Eta zer egin dute nire gorputzarekin? Nire gorputza harategiko animalien gorpuen antzera irudikatu nuen, zatikatua, hila. Izter bat, sabela, besoak, ipurdia? denak lo, denak zintzilik?
Berriz gogoratu dut une hura Bilboko klinika batean anestesiatuta egon bitartean sexu erasoa jasan duten emakumeen kasuen berri jakin dudanean. Pentsatu dut zer den zeure burua ezin defendi-tzea, zer den zure gorputza haragi zati bat balitz bezala tratatua izatea. Eta, egia esan, larriena da askotan ez dela beharrezkoa geure burua anestesiatuta egotea halakorik gertatzeko, nahikoa da gizartea anestesiatuta egotea arazo mardul honen aurrean. Eta nahikoa da defenditu ezin den norbait edo egoera zaurgarriren batean dagoen norbait harrapa-tzea sexu abusua egiteko.
Apaizen sexu abusuak jasan zituzten ume eta gazteei edo Basauriko entrenatzailearen abusuak jasandakoei ez zieten anestesiarik eman baina beldurraren eta lotsaren anestesiarekin nahikoa izan zuten haien gorputzak bereganatzeko; gure kaleetan eta etxeetan emakume askok jasan behar dituzten sexu erasoetan ere ez da anestesia kimikorik erabiltzen gehienetan, baina hala ere, eraso hauek egiten dituzten gizonentzako hildako edo lokartutako gorputz soilak dira emakume guztiak, haragia besterik ez.
Pertsona bat dagoen lekuan haragia besterik ez ikustea, hori da gehienetan arazo larriena. Beste norbaiten gorputza bereganatu ditzaketela pentsatzea, beste norbaiten jabe izan daitezkeela. Hau ekiditeko, gizarte hau anestesiatik ateratzea besterik ez dago. Eta anestesiatik ateratzeko lehen pausua hainbat urtetan itzalean gordeta egon dena argira atera-tzea da. Arazo honen larritasunari neurria hartzeko.