nORBAIT zerbait oso ondo egiten ikusten dugunean, batzuetan haren abilezia guk izan ditzakegun trebetasunekin batzearekin amesten dugu.

Badakigu ezinezkoa dela pertsona batek dena ondo egitea, bakoitzak badituela bere abileziak eta bere ahuleziak, baina hala ere, guk denak gureak izatearekin egiten dugu amets behin baino gehiagotan.

Batzuetan, indibidualismoak itsututa, ez gara konturatzen, ia ezinezkoa izateaz gain, taldean lan egiteko ohitura gehiago izango bagenu, ez litzatekeela ezta beharrezkoa ere izango.

Zuk hau oso ondo egiten baduzu, eta nik beste hori oso ondo egiten badut, zergatik ez gara talde batean batzen eta ez dugu batera lan egiten?

Taldeak baina, beldurra ematen digu. Taldean lan egiteak eskatzen baitu bestea entzutea, noizbehinka amore ematea, erabakiak hitzar-tzea?

Gainera, indibidualismora bultza-tzen gaituen gizarte honetan, taldea oztopo izan daiteke gure ahalmenak besteei erakusteko orduan, taldearen lurralde lauso horretan ez baita argi geratzen nork egin duen zer. Gure irudimenean, taldeari distira falta zaio, alfonbra gorriak ez daude taldeentzat pentsatuak. Taldeak dorpe itxura ematen digu. Turista talde bat hara eta hona artalde baten modura mugitzen ikustea besterik ez dago halako sentipena izateko.

Baina taldea ongi olioztatutako makina baten antzera funtziona-tzen ikusten dugunean, orduan ohartzen gara haren indarraz, haren potentzialaz. Aurtengo Kontxako banderako emakume eta gizon arraunlariek talde lanari esker egin zioten aurre itsaso zakarrari. Itsasoaren haserrearen gainetik gailendu zen taldearen kemena. Eta lezio bat eman ziguten: itsasoa haserretzen denean, bidea zailtzen denean, orduan inoiz baino gehiago behar dugula taldea. Talde lana.