uDAKO egunak probestu egiten ditut gure inguruko mendietatik txango batzuk emateko. Neu kostaldeko herri batean izaten naiz udan, eta hauspoari etekina ateratzeko hango mendietatik korrika edota mendiko bizikletaz aritzen naiz egunero, bide zahar batzuk birdeskubritzen, edota bat-batean egin dituzten berrienak (ahal izanez gero) erabiltzen. Batzuetan ostera, betidanik ezagutu ditudanak desagertutzat eman behar izaten ditut baso ustiapenaren erruz.

Horixe gertatu zait azken boladan. Kostaldeko menditxo horietan baso landaketak egin dira betidanik. Eukaliptus edota insignis pinua dira geografia txiki horretako apaingarri begetal bakarrak. Guztiak antzekoak, adin berekoak, distantzia jakin baten landatuak, balizko homogeneitate bat ezarri nahi izan balute bezala. Horietan ibili naizen guztietan arin jabetu naiz animalia eta landare espezie gutxiago badaudela. Nekez entzuten dira txorien txirri-txorroak, eta nekez ikusten da basa-animaliaren bat.

Basoak inguruak babesten ditu higaduratik, hain funtsezkoa den oxigenoa ere ekoizten du, eta kasu batzuetan ere, animalia eta bestelako landare batzuen elikadura eta babesleku bakarrak izaten dira. Baina basoak ustiapena pairatu behar du, eta aipaturiko kontu guztien arteko uztardura orekatua ez da erraz ematen.

Basoak ustiatzerako unean ikuspuntu ekonomikoa gailentzen delakoan nago, baina anitzetan lurzoruak, bertako animaliak, landareak edo hortxe dagoen paisaia ez da behar bezala kuderatzen.

Basogintzak ekonomiari begiratzen dio, bai eta ekologiari ere, baina ba-tzuetan negargarria da bertako bioaniztasuna eta paisaia eraldatzeko duen potentzialitatea. Egun hauetan, toki batzuk ezin izan ditut errekonozitu. Antzinako bide zaharrak indusketa-makinek birrindu dituzte erabat, lupe-tza toki orotan agerraraziz. Mozten ari diren zuhaitz asko errotik aterata zeuden, apurtuta, kraskatuta, eta kantitate handian bere adar eta azal zatiak lurrean barreiatuak. Paisaia beste bat zen, triste, eta agian errekuperaezina gure mendiak eta basoak maite ditugunontzat.