beRAK ez duela bere herritik kanpora joateko beharrik. Horrela esan dit. Kanpotarrak bere herrira datozela, eta nahiko mundu ezagutzen duela horrela, herri batekoekin eta bestekoekin hitz egiten. Zerbitzaria da turismo asko hartzen duen herri bateko tabernan. Ezagutzen ditu alemaniarrak, holandarrak, portugaldarrak, estatubatuarrak? Batzuk urteroko turistak dira, eta udako gau amaigabeetan asko hitz egiten du haiekin mugaz bestaldeko beraien bizitzaz. Ondo daki zelan bizi diren batzuk eta besteak, zelako ohiturak dituzten, zeintzuk diren gehien gustatzen zaizkien edari eta janak, zein diren euren hirietako eraikin famatuenak? Askotan gonbidatu dute euren herrietara, baina berak ezetz, ez duela beharrik inora joateko, berak ia mundu osoa ezagu-tzen duela bere tabernatik mugitzeko beharrik gabe.
Alde batetik ez zaio arrazoirik falta. Leku batera goazenean, hango paisaiak, hiriak, eraikinak eta museoak ikusteaz gain, hango jendea ezagu-tzea izaten da erakargarriena. Nola bizi diren ikustea, euren artean nola hitz egiten duten, zeri ematen dioten garrantzia eta zeri ez... Zentzu honetan, nire lagun zerbitzariak arrazoia du, zertarako mugitu zure herritik zugana baldin badatoz? Baina beste alde batetik, ezin da ahaztu nire lagun zerbitzariak ezagutzen dituen pertsona horiek oporretan daudela, une horretan ez direla holandarrak, estatubatuarrak..., turistak baizik. Eta bere herrian egiten duten hori ez dela zehazki euren herrietan egiten dutena. Opor eran ezagutu ditu, eta opor eran gaudenean denok gara diferenteak. Eta horrez gain, ezagutu dituenak, turismoa egin dezaketenak dira, mundu honetako gutxiengo bat azken finean. Nekez ezagutuko ditu “herri pobreetako” bizilagunak, adibidez; edo “herri aberatsetan” bizi diren pobreak.
Mundua ezagutzea hango eta hemengo jendea ezagutzea dela, hor arrazoia ematen diot, baina lehoia zoo batean ezagutu edo Afrikako sabanan ba ez da gauza bera. Berdin gertatzen da gurekin, kanpoan turista baino ez garen guztiekin.