GURE toki eder guztiak / dituzte abilki bildu; /beren egintzen obratzeko / denak paso, denak haizu. / Lege arrotz madarikatu, / bihurtuez baliatu, /gure herria deramate / heriotzeari buruz! / Itsas bazterra hartu dute / bai eta etxe zaharrak / artzain borda edo etxolak, / arbasoek utzi lurrak. / Gure herrian lantegiak dira / zinez beharrezko / zorigaitzez jaun txapeldunek / turismoa nahiag ... / Turismoaren izenean / gure hobeki galtzeko! / Hola segituz luza gabe / ez zauku deus geldituko...”

1975 urtea zen eta Errobik kantatzen zituen Daniel Landarten hitzak, eta orduko nerabe hari arrotzak ez bada urrutikoak egiten zitzaizkion, Iparraldeko arazo bati buruzkoak, Hegoaldean lantegiak baitziren nagusi.

Baina dena itzultzen da Nietzscheren betiko itzuleraren bidetik eta gaur egun naif iritziko geniokeen letra gorabehera, egunerokotasun handia hartu du kantak Hegoaldean ere turismoaren masifikazioaren kontra hasitako protestak direla medio, zeinak baitira garai hartako Baiona, Hendaia eta abarretan aurrera eramandakoen ispilu.

Denok izan gara turista noizbait, (are gehiago, esanen nuke kapitalismo berantiarren bizitzan turista izatea dela gure patu, enplangrande esanda, malerusa) horregatik ez gaitu harritu behar jendeak bidaien merkatzearekin harat-honat ibili nahi izatea; ez eta hona etorri nahi izatea, horixe baita PNVk Guggenheim museoaren sorrerarekin egindako apustua, kantak dioen bezala, industria eraitsi eta Espainiako ekonomikarekin bat eginik, EAE ere turismoune bilakatuta.

Turismo masiboak, industriak bezala, bestalde, alienatu egiten du bertakoa; baldintza txarreko epekako lanpostuak sortzen ditu; errotik aldatzen du bizimodua; kaleak ez-leku bilakatzen ditu eta abar. Turismoa ekonomia neoliberalaren aurpegi agerikoena egiten zaigu, Indian kamisetak josten ari andrearen aurpegia baino agerikoago.

Polemika honetan guztian, harrigarriena politikari eta agintarien jarrerak dira. Dirua ematen duen ezer ezin da zalantzan paratu. Ez zuten ba krisiarekin beste modelo bat, ikerketan-eta oinarritua, agindu? “Gure txoko eder guztiak...”