Ez dakit Pixarrek zer jakin zuen, baina ‘Toy Story’ pelikula ez da fikzioa, dokumentala baizik. Etxean jostailuak mugitu egiten dira, eta ez dut frogarik behar. Arratsalde batean desagertu egiten dira, eta hurrengo egunean berriro agertzen dira ohe ondoan, oin batean min egiteko prest. Zer egiten zuen han? Jostailu batzuk ez dakigu ezta nondik atera diren ere: guk erosi dugu edo norbaiten oparia izan da? Hala ere, etxean daude, leku guztietan. Sukaldean pelota txiki bat, komuneko ontzian barbie bat... Nork uste zuen dekorazioa izango zela? Etxean ezin da ordena mantendu, baina badu zentzua: jostailuek agintzen dute.