"Bielsarekin Europa Leagueko finalera heldu ginanetik, Athleticek ez deust aurten besteko ilusinorik sortu" autortu deust Athletic zale batek. Eta egi biribila da. Marcelino Garcia Toralen taldeak erakutsi dau edozein aurkariri irabazteko gauza dala. Horregaz batera, zuri-gorriak menderatzea oso gatxa da, Unai Simonen ate aurrean arriskua sortzea oso gatxa da-eta. Ondo antolatutako egiturea sortu dau Marcelinok. Ganera, denboraldiaren lehen zatian taldearen errendimenduan gora beherak egon baziran be, azken asteetan entrenatzaileak hainbeste gura eban erregulartasuna lortu dabe zuri-gorriek.

Zortzi aldaketa egin ebazan Marcelinok Real Madriden aurkako kopako partiduan zelairatu eban hamaikakotik. Taldearen bizkar hazurrari eutsi eutson, Iñigo Martinez, Dani Garcia eta Raul Garcia hamaikakoan mantenduta. Lesionatuta dagozan Nico Williams eta Unai Vencedor be kontuan hartuta, Marcelinok 21 jokalari erabili dauz azken partiduetan. Plantilako guztiak, Ander Capa kenduta. Eta taldearen errendimenduak ez dau beherakadarik izan. Edozein entrenatzailek gurako leuken burukomina dauka asturiarrak. Yuri Berchiche hamaikakora itzuli da Balenziagaren kalterako baina Zumarragokoak partidu handia jokatu eban Espanyolen aurka. Gauza bera esan geinke Oier Zarraga, Alex Petxarroman, Vivian edota Mikel Vesgari buruz. Ganera, Villalibre be bete betean itzuli da. Joka-tzen dauenak jokatzen dauela, Marcelinoren blokea ederto lehiatzen da eta Atletico, Bar-tzelona edota Real Madrid menderatuta ez dago talde zuri-gorriari mugarik ipiniko deutson aurkaririk.

Partidu bira dago Athletic beste kopako final bat jokatzetik. Lehenengo urratsa bihar emon behar dabe zuri-gorriek Valentziaren aurka San Mamesen. Kopako hirugarren partidua jarraian izango da Katedralean, Bartzelona eta Real Madrid kanporatu ostean. Valentziaren aurkakoa, baina, kanporaketa ezbardina izango da. Alde batetik, lehia ez da San Mamesen erabagiko, Mestallan baino. Bestetik, Bordalasen taldearen estiloak baldintzatu egingo dau kanporaketea, baloia Athletici emon eta atzean sartuta itxarongo dauelako. Edozelan be, partidu biak irabazteko kapaz ikusten dot Marcelinoren taldea. Sevilla zain dogu.