URE hizkuntza euskarafoboen jomugan izan da berriz ere. Euskara berriro ere zokoratua eta baztertua, eta berarekin batera euskaldunon eskubideak oro.

Egunotan ikusi eta entzun ahal izan ditugu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak beste behin alarma pizten. Eta beste behin ere, Nafarroako gobernantak izan dira gure hizkuntzari muzin eta mesprezu osoa erakutsi dizkiotenak. Nafarroako Gobernuak bertako administrazio publikoetan lan egiteko beharko diren merezimenduen araudia plazaratu du, eta espero zitekeen moduan, eremu ez-euskaldunean euskarak ez du inolako garrantzirik hartuko, eta ondorioz, langileak ez du balorazio gehigarririk jasoko. Baina adi!, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza euskararenaren gainetik izango da. Paul Bilbao oso zuzena izan zen itauna plantea-tzerakoan: Nola egin dakieke Nafarroan ofizialak ez diren hizkuntzei euskarari baino aitortza handiagoa? Ofizialtasunaz ari gara. Argi dago atzerako bidea hartzen ari dela Nafarroan, hizkuntza-politikan orain arte irabazi diren eskubideak desagerraraziko baitituzte.

Horrek guztiak zer ekarriko lukeen argi dago, hiztunentzako traba gaindiezina, herritarrei euskaraz naturaltasunez mintzatzeko eremuak gutxiko dituztelako, eta administrazioan euskarazko zerbitzua ukatuko zaielako.

Baina Nafarroa ez da bakarra euskara laidotzeko estrategian. Araban, Laudion zehazki, hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen langile bati arrazoia eman dio Gasteizko epaile batek argudiatuz "euskara oso hizkuntza zaila dela ikasteko, munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela". Itzela da! Sasi-epaile horrek gainera bere argudioa osatzeko euskararen balizko zailtasunaz aritzen den Interneteko testu bat kopiatu du hitzez hitz. Harrigarria!!! Euskarafoboek euskararen kontrako borroka arrazoigabeko eta tematian haizatu eta justifikatu nahi izan dituzten pepelerdokeriak asko izan dira baina epaile batek horrelako ergelkeria botatzea onartezina da.

Beste ondorio bat: euskara superzaila bada, euskaldunok superinteligenteak gara!