Hogeta sei partidu jokatu dauz Athleticek denboraldi honetan: hogeta bi ligan, bi superkopan eta beste bi kopan. Zuri-gorriek sei partidu baino ez dabe galdu -bost ligan eta bat superkopan- eta horreetariko hiru aurkari berberaren aurka izan dira, Real Madriden aurka hain zuzen be. Beraz, Marcelinok eta bere laguntzaile taldeak argi eta garbi euki behar dabe zer egin behar dan eta zer ez dan egin behar Ancelottik zuzentzen dauen taldea menderatu ahal izateko.

Superkopako finala galdu ostean esan neban Athleticek aurkariarekiko errespetu gehiegigaz jokatu ebala Saudi Arabiako norgehiagokan. Oraingoan, baina, merengeen aurkako lehia San Mamesen jokatuko da, 40.000 zaleren aurrean eta beste Athletic bat ikusiko dogula esango neuke. Bartzelonaren aurka final zor-tzirenetako kanporaketan ikusi genduenaren antzekoa. An-tzekoa dinot, ze Bartzelona eta Real Madriden jokatzeko estiloa ezbardina dalako. Azken baten, Athleticek nortasuna agertu behar dau bere joka-tzeko estiloari eutsiz eta aurkariaren ikararik euki barik, aurrean Real Madrid indartsua izan arren. Zaleok liruratuta geratu ginan zuri-gorriek Bar-tzelonaren aurka erakutsi eben joko azkar eta bertikalarekin. Athletic zaleok maite dogun jokoa da. Horretan ez dago misterio handirik. Ikaratsu eta eskuko frenoa ipinita jokatu ezkero, barriz, basamortuan gertatutakoa errepikatu daiteke. Horrek ez dau esan gura partidu zoroa behar dogunik. Danean lez, orekea lortzean dago kontua.

Athleticek bost gol jaso dauz Real Madriden aurka denboraldi honetan jokatu eta galdu dituen hiru partiduetan eta bost gol horreetatik lau Karim Benzemak sartu ditu. Gaur egun, mundu mailan jokalari gitxi egongo dira frantziarra baino arriskutsuagoak aurkariaren ate aurrean eta esan beharrik ez dago Madridek indar handia galtzen dauela bera zelaian ez dagoanean. Benzema lesionatu egin zan Elx-ren aurkako partiduan eta azken ordura arte ez dogu jakingo San Mameseko bedar-tzan egongo dan ala ez. Real Madridek Txapeldunen Ligako partidua jokatuko dau Paris Saint Germainen aurka otsailaren 15ean eta Ancelottik ez dau arriskurik hartu gura bere goleatzailea zelairatuta Katedralean. Benzema barik, Real Madridek ikara gitxiago eragiten dau. Edozelan be, Marcelino eta bere jokalarien eskuetan dago etzikoa gau majikoa izatea. Horretarako, Athletic onena ikusi behar dogu, denboraldi honetako zenbait partidutan ikusi doguna.