zazpi partidu jokatu dabez urtarrilean Athletic

Marcelino Garcia Toralen taldeak aurrerapausu nabarmena emon dau azken hilabetean. Denboraldia hasi zanetik partidu onak eta ez hain onak tartekatu ostean -joko aldetik onak gehienak baina emaitza aldetik denboraldia hasierea gora-beheratsua izan da- zuri-gorriak sendotu egin dira. Ez dogu ahaztu behar, aurreko urtean jokatutako azken hamar partiduetan, garaipen bakarra eskuratu ebela. Urte barrian, barriz, zazpi partidutan bost irabazi ditue, eta Atletico de Madrid, Real Madrid edota Bartzelonaren aurka jokatuta ganera. Esan beharrik ez dago zeozer aldatu dala ekipoan.

Athleticen aurka jokatzen daben taldeetako entrenatzaileek beti azpimarratzen dabe Bilbokoa talde landua dala eta oso ondo ordenatuta dagoala zelaian. Marcelinok garrantzi handia emoten deutso ordenari eta orekeari. Ez dau partidu zororik nahi. Eta orden horretan garrantzi handia daukie Dani Garciak eta zentral biek. Zumarragako erdilariak lan ikaragarria egiten dau erdialdean eta lan asko kentzen deutsie atzelariei. Iñigo Martinez, atzealdeko kaiserra da. Gaindiezina izateaz gain bera taldearen erasoko jokoari hasierea emoten deutsona. Maila bikaina emoten dabil eta taldeko lider nagusia da. Eta bere alboan, euki leiken kiderik onena dauka: Dani Vivian. Arabarrak hamabi partidu jokatu dauz Athleticegaz eta ez dau bat bera be galdu, zazpi irabazi eta bost bardindu. Eta ez da kasualidadez. Vivian horma bat da aurkarientzat eta Mancha Real zein Real Madriden aurka jokatu, gaindiezina da buruz buruko borroketan. Nire uste apalean, gazte honek ondo merezita eskuratu dau titulartasuna eta hasieratik jokatzen jarraitu beharko leuke.

Beste alde batetik, urtarrilean jokatutako zazpi partiduek garbi erakutsi deutsoe entrenatzaileari, Athleticen hamaika jokalari on baino gehiago dagozala. Simon-Agirrezabala, De Marcos-Lekue, Balenziaga-Yuri, Yeray-Vivian, Dani Garcia-Vesga-Zarraga, Berenguer-Nico Williams, Raul Garcia-Sancet, Iñigo Martinez, Iñaki Williams, Muniain eta Nico Serrano erabili ditu Marcelinok azken zazpi partiduetan eta hortxe dagoz emaitzak. Ganera, Asier Villalibre prest dago lehiaketara itzultzeko.

Hamar egun geratzen dira hurrengo partidurako, Real Madrilen aurkako kopako lehia hain zuzen be. Itxaron daigun norgehiagokea iragarritako egunean jokatzea. Holan ez balitz, eskandalu itzela izango litzateke. Bartzelonaren aurkako partiduan San Mamesen izan zan giroa errepikatzen bada, merengeek izerdi asko bota beharko dabe etxeko taldea kanporatzeko. Kopak zirrara berezia sortzen dau Katedralean. Athletic sentimendua bizi-bizirik dago!!!