LMUDENA Grandes minbizi zital batek eraman zuen lehengo egunean. Nire kintoa zen. Hona zer idatzi zuen behin: "nobelak irakurtzeagatik pagatuko lidakeen inor aurkituko banu ez nuke nobelarik idatziko. Hagitzez gehiago gustatzen zait nobelak irakurtzea idaztea baino. Irakurri plazerez egiten da, idatzi, berriz, ezinbertzez". Ez nizkion lan guzti-guztiak leitu, baina nire mesanotxean lekua hartu dutenek hondar goxo eta erabilgarria utzi didate oroimenean, bertze idazle espainol garaikide gehienenek baino puskaz gehiago. Almudena literaturara agertu zen garbi utziz erotismoak ez ziola zertan kalte eginik nobela baten kalitateari eta sakontasunari. Arrakasta izan zuen, baina berak ez zuen generoko idazlea izan nahi. Egoerak eta pertsonaiak konplexutasuna gehi-tzen joan ziren haren lanetan, istorioen hariak amaraun-tzen. Maite zituen, kontagai, infernuan egondakoei bizitzak zenbaitetan oparitzen dizkien bigarren aukerak. Batzuetan labur. Bertzetan luze, orriak orriei beldurrik gabe metatuz, askatasun eta abilezia inbidiagarriaz, hargatik ere irakurlea gogaitu gabe. Azken urteetan, eleberri saila eskaini zion gerla zibilaren eta frankismoaren inguruko memoriari, baina hori baino lehenago ere ukitua zuen garaituen eta garaileen iloben berradiskidetze problematikoa. Almudena Grandesen begietan, memoriak -eta memoria ezak- orainarekin ikustekoa zuen, ez iraganarekin. Idazlea ez ezik, ezkerreko militantea eta zutabegilea ere izan zen. Hedabideetan uzten zuen lanari tarteka-marteka baizik ez nion erreparatu. Irakurritako ale bakanetan ez dut gogoan inoiz idatzi zuen Euskal Herriaren gainean. Litekeena da halakorik irakurri banio batere ados ez etortzea haren iritziarekin. Hazten gaituen lurraren seme-alabak gara eta hura madrildarra zen, arrunt madrildarra. Bazter horietan hain arrotz sentiarazten ez nauten lumetariko bat joan zait Almudena Grandesekin batera.