Erredakzio-Mahaia

Sinbolo kulturalak

28.11.2021 | 00:27
Sinbolo kulturalak

Miquel Iceta ministroak euskarara zailtasunez itzuli daitekeen lagunarteko adjektibo bat erabili du Bartzelonako udalbatzak Kixoteren estatua berri bat jartzeko proposamena errefusatu izana deskribatzeko. Ezjakintasuna islatzen duen baldarkeria dela esatera zetorren. Bilboko udalbatzen berri eman behar izaten nuen garaitik gogoratzen ditut probokatzeko –eta denbora galduarazteko– asmoz Alderdi Popularrak egiten zituen proposizioak: Memoria Historikoaren izenean kendu ditzatela hiribildutik Sabino Arana eta Dolores Ibarruriri eskainitako kaleen deiturak. Honakoan, Bar-tzelonan sortutako polemika politikoa baino kulturala da, baina ekidinezina dirudi kultura, sarriegitan, politika afera bilakatzea. Ciudadanos alderdiak egindako proposamena Cervantesek konde-hiriarekin duen lotura estuarekin justifikatu du. Horren erakusle dira bere izena daraman plaza eta kalea edota Poble Espanyolen kokatutako bustoa, esaterako. Kasu honetan, beste omenaldi bat gehiago egiteko asmoari baino behatza begian sartzeko nahiari erantzuten diola esango nuke. XVI. mendeko idazlea Espainiar Estatuko hizkuntzaren sinbolo nagusienetakoa izanik ulergarria egiten zait Bartzelonako udalbatzaren ukatzea jakinik estatua horrek bandalismoa jasateko aukera handiak izango lituzkeela, eta, hori, hori bai izango litzatekeela benetako eskarnioa. Ministroak erabaki horrek ondare kulturalaren ezjakintasuna erakusten duela adierazi izana jatorri duen hiribuaren errealitateari bizkarra ematea da.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia