AZTEAK ginen eta “Gogoa nun dugu, gazteok zer gara” kantatzen genuen. Gogoan dozu, han genbiltzan gogoz, amets handiz, izpiritu librez. Kemenez eta adorez genbiltzan Bagareka, ibilbidean eta elkarbidearen joan hortan, geure izate eta ekitean, zer garen eta nor garen aldarrian.

“Indarrak alkartu eta goazen auzira” eta “noizbait helduko da amets dugun eguna”. Han genbiltzan, kantuak sortuz geure herritarroi eskeintzen, han genbiltzan kantuka, bizitzaren eraikuntzan, harrizko herri honetan, geure herriarenganako konpromiso betean, lorpenak geure ekin-tzatik etorriko direla esaka, eta kantatzen duen herria inoiz hiltzen ez den gogozko kantu ederrean.

Bizitasuna eta sensiberatasunaren harian, askatasuna eta elkartasuna genituen lelo eta ikur handiak, “ezina ekinaz egina” bihur dezakegulakoaren esperantzan, ilusio horren eskarian genbiltzan. Eta “laster laster” etorriko zelakoan gure amets handia eta “Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketan” eta “Geu garela askatzaile” eta General Mola izeneko “kailean zehar”... gindoazen; kantu horiek kantatzen genituen, eta jakina, Xeberrik eta biok ere, gure “Eman ta zabal zazu” lelopean, Iparragirre ere izan dugu gogoan eta kantagintzan.

Xeberri eta bion adiskide genuen Bittor Kapanaga, Otxandioko jakintsuak zera ziozkun: gizakion norabidea hiru hitzetan azal dezakegula. IZ, IN, IL: Izan, Egin eta Hil.

Eta, bizitzaren joanean eta ekinean eta ekimenean gure pentsaera geldi-ezinetan eta eginkizunetan, halaxe gindoazen geroan, bide desberdinetan baina, garena eskeintzen eta berriak ere jaioko direla sinestuz eta sinestaraziz. Eta “Urak dakarrena urak daroala” kantatzen genuen eta garai berriak etorri ziren, bai. Uraren zirimolan itsasorantz goazen bitartean, bizirik diraugula-eta; ez dagoela berezkorik eta dena geuk sortzetik, geure ekintzatik datorrela eta izanak izena sortzen duela esaten eta kantatzen genuen. “Egin egin lana, hori da bidea, ez itxoin inoren laguntzarik, inorena hutsa da... askatzaile geu gara”, halakoxeak ziren gure kantuak.

“Bide latza benetan izan behar duguna, nahiz eta egunotan dana dan iluna, noizbait helduko da amets dugun eguna”. Bizitzaren bidaian, une alaiak eta larriak ere baditugula, azaltzen genuen gure “Zaurietatik dario” diska haretan.

Eta beti pentsatu izan dut gure norabidea azaltzeko eta bizitzaren eta heriotzaren uztarketa adierazteko, Gorbeiari begira dagoen neure herriko hilerrian dauden bi poema oso direla esanguratsu eta eraskusgarri: “Zuek zariena izan gara eta gu garena izango zarie” - “Mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badira mila motibo, kantatzeko alai”. Beldurrak gogoa iresten digula esaten genuen eta beraz, gogoa dugun bitartean, jarrai dezagun kantatzen eta joan direnak gogoratzen.

Bizitza pozgarri izan dakigun, aurrera begiratzea beharrezko eta derrigorrzeko badugu ere, gogoangarria baita biok grabaturiko diskoan kantatzen genuena eta hain entzutetsu bihurtu zitzaiguna: “Herri bat dugu osatzen eta gure zabarkeriz, ez daigun utzi ondatzen”. Eta utzi gaituen eta gogoan dugun Xeberrik kantatutako honako hau ere ezaugarri eta aipagarri: “Bihotzak irekiz, lagundu ditzagun, malkoak irentsi eta adiskideok ez etsi, behar da kemena gerturik euki”. Kantuak lagun, Goian Bego adiskide! * Musikaria