Erredakzio-Mahaia

Ekintza positiboen mamua

24.01.2021 | 01:07
Ekintza positiboen mamua

Biluzik egon behar dute emakumeek Metropolitan Museora sartzeko? Guerrilla Girls kolektiboak honako galdera egiten zuen 1989an egundoko ospea lortu zuen aldarrikapenaren bidez. Azken muturreraino eraman du kritika Prado Museoak Invitadas erakusketan, non "XIX mendean zegoen misoginiaren epizentrora bidaia kritiko bat" planteatzen duen, komisarioaren arabera. Esposizioa bi ataletan banatu da. Batetik, emakumeek garai hartan zuten rola aztertzen saia-tzen da, desira-objektu zein etxekoandre bezala. Bestetik, biltegietan konfinatutako emakume artisten lanak berreskuratzen dira. Modan dagoen purple washing –itxuraz kuota feminista betetzen dela aditzera ematea, sakoneko gogoetarik gabe– egitea egotzita, askok kritikatu dute esposizioa galdutako aukera bat dela argudiatuz. Polemikatik aparte, eztabaida berpiztea interesgarria da. Batez ere aste honetan bere bildumaren berrantolaketa iragarri dutelako, besteak beste diskurtso berrian emakume artistek pisu gehiago har dezaten. Aldi berean, Bilboko Guggenheim Museoak urteko programazioa aurkeztu du, eta emakume artistek izango duten presentzia nabarmena ez da oharkabean pasatu. Aurkezpenean, zeharka, museoaren aukeraketa ekintza positibo baten ondorioa ote den jarri zen zalantzan. "Artista handiak izateagatik" aukeratu dituztela justifikatu behar izan zuen komisario batek, pauso bat ematen den bakoitzean XIX. mendeko misoginiaren epizentrora bidaiatzea beharrezkoa dugula frogatuz beste behin.

Blogs de Deia
Foros Deia