UELA 63 urte sortu zen egungo Europar Batasuna (EB), adiskidetzea sustatzeko eta garapen ekonomiko eta soziala ziurtatzeko helburuarekin, balio humanistetan oinarrituta, batez ere elkartasuna eta erantzukizuna.

EBko eskualdeen artean desberdintasun handiak zeudela ikusita, 80ko hamarraldiaren amaieran Eskualde Politika deitu zitzaiona ezarri zen, Jacques Delorsen bultzadarekin eta Eneko Landaburu kudeatzaile zela. Hura izan zen Europako lehen elkartasun-tresna handia eta Italia eta Espainia izan ziren onuradun nagusiak. Geroztiko azpiegitura edo gizarte-proiektu garrantzitsu oro funts horiek finantzatu dute, neurri handi batean. Zoritxarrez, onuradunek ez dute beti merezitako leialtasunarekin erantzun: hegazkinik aireratu ez den aireportuak edota zubi birtualak eraiki ziren, liho sail handiak erein ziren gero hura erauzi eta konpentsazioak jasotzea beste helbururik gabe, eta abar. Hala ere, EBren Eskualde Politikak aurrera egin du eta indartu egin da, eta ikusi da elkartasuna lehentasuna dela Europako Batzordearentzat eta Kontseiluarentzat.

2009. urtearen amaieran, Greziak banka lur jotzea beldurgarri batera zeraman krisia ezagutu zuen. Nazioarteko erakunde bakar bat ere ez zen fidatzen Greziako estatuaz. Aldez aurretik Greziak nahita faltsututako kontuak aurkeztu bazituen ere, Europako Banku Zentralari ziria sartzeko asmotan, negoziazio luze eta gogorren ondoren, EBk eta Europako Banku Zentralak 335.000 milioi euroko mailegua ematea onartu zuten, ia mugarik gabeko itzulketa-datarekin, baina greziarrek beren herrialdeko kontuak orekatuko zituzten konpromisoa beren gain hartuta. Laguntza hori gabe -lasaitasun ederra hartu zuen Tsipras gobernu-presidenteak-, Grezia hondamendi ekonomiko batera kondenatuta zegokeen eta hango biztanleriaren zatirik handiena miserian hondoratuta geratuko zatekeen. Anti-europeisten kritikak ez ziren falta izan, baina elkartasun-keinu garrantzi-tsua izan zen.

Covid-19 izeneko pandemiaren ostean, EBk krisi ekonomiko berri bat ezagutu du. Gai-tzak bereziki zigortu dituen hegoaldeko herrialdeak -funtsean, Fran-tzia, Italia eta Espainia- krisi ekonomiko gogorragoa pairatzen ari dira eta EBren aparteko laguntza eskatzen dute, eta gogor eskatu ere. Negoziazio zailen ostean, eta ekimen hori iparraldeko herrialdeen kalterako bazen ere, EBk eta Europako Banku Zentralak, Alemaniaren bultzadarekin, 750.000 milioi euroko laguntza desblokeatu dute. Zenbateko hori, krisi honetan sortuko diren zailtasun berri guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada ere, Europan inoiz mobilizatu den handiena da, eta erakusten du oraindik badela elkartasuna EBren barruan, askok, modu interesatuan, diotenaren kontra.

Baina ustekabeko mana horren hartzaileak hausnarketa sakona egin beharrean dira beren herrialdeetan dituzten benetako arazoez. Laguntza gehien eskatu duten hiru herrialdeak, hain zuzen, Europako hiru ikasle txarrenak dira. Zorra BPGren %100 eta %140 artekoa zen pandemiaren aurretik, eta gaur egun 120 eta %160 artekoa da. Okerrena da beroriek dituztela defizit handienak ere, %3 ingurukoak, eta, beraz, zorra urtez urte larriagotuz doa. Finantza egoera horretan, argi dago ez daudela egoera onenean krisi ekonomikoari aurre egiteko. Hala ere, egoera hori ezin da esplikatu aipatutako herrialdeen aberastasun mailaren arabera. Frantzia 11. postuan dago, biztanleko BPGri dagokionez, EBko 27 herrialdeen artean; Italia 12. postuan dago, eta Espainia 13.ean. Beraz, Frantziak 4 aldiz biztanleko BPG handiagoa du Bulgariak baino: 36.060€ eta 8.680€, hurrenez hurren. Eta herrialde horiek, gure hiru hegoaldeko herrialdeak baino askoz pobreagoak izanik ere, ez dirudi ezer eskatu dutenik. Bestalde, zor eta defizit handia duten hiru hegoaldeko herrialde horiek Alemaniak baino askoz ohe gutxiago zituzten biztanleko, eta pandemiaren aurka borrokatzeko ere gutxiago prestatuta zeuden. Madrilgo kasua oso esanguratsua da: pertsona bakoitzeko osasun-gastua 1.243€koa da urtean; Euskadikoa, 1.631€koa, nahiz eta aberastasuna, hau da, biztanleko BPG, han handiagoa izan. Horrek dezente azaltzen du pandemiaren garaian Espainiako hiriburuan gertatzen dena.

Horregatik guztiagatik, ez da harritzekoa iparraldeko herrialdeek, hainbat milioitako aparteko laguntzak eman aurretik, egiaztatu nahi izatea, iraganeko esperientzia ispilu hartuta, onuradunek modu arrazional eta estrategikoan erabiliko dituztela esandako laguntza horiek, eta beren ekonomia-kontuak orekatuko dituztela, etorkizunean etorri daitezkeen dramak saihesteko.

EBren barruan ez badago elkartasun sendorik herrialde aberats eta pobreenen artean, proiektuak ez die funtsezko oinarriei erantzungo, eta desagertzeko arriskuan egongo da. Baina, era berean, Europar Batasunaren barruan, herrialde batzuek ez badituzte beren oinarrizko konpromisoak betetzen, eta ez badute seriotasunik edo erantzukizunik erakusten beren barneko kontuak orekatzeko, litekeena da EBren proiektua desagertzen ikusteko arriskua handiagoa izatea. Horregatik, hitzez europazaleenak direla dioten zenbait herrialde, arduragabekeriaz jokatzearen ondorioz, EBren existentzia arriskuan jartzen ari dira. Eta ez dezagun ahaztu EBren etorkizuna ezinbestekoa dela gu guztiontzat.* Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxe Mari Muñoa