RUMPEZ ez dugu ezer espero, ergelkeria ez bada. Trump entzuten dugunean, geure buruak gainetik uste izaten baditugu ere, badago beldur bat ulertu ezinean sarkasmoz-edo estali nahi izaten duguna. Mundua anabasa edo mordoiloa izateak sortzen digun beldurra da zeinaren adibide baita Trumpen presidentzia. Trumpen agintea mundua ulertzeko azalpen orok huts egiten duen tokia da. Eta, hartara, galdetzen diogu gure buruei nola ailegatu den horrelako pailazoa presidentziara? Marxismoa motz gelditzen da ala nola soziologia, filosofiako adar oro baita ekonomia bera ere. Arte eszenikoa dira, beharbada, azalpen osoa ikusteko zirrikitua irekitzen digutenak: gizarte honetan espektakulua oso garrantzitsua da, eta Donald Trump maisu da horretan.

New York Times-en argitaraturikoak, edozein amerikar pobrek baino zerga gutxiago pagatu dituela urteetan, eszenatokiaren atrezzo bihurtzeko bidean doaz eskenatokiko arauek presidenteak SARS-CoV-2arekin kutsatu izana argumentu ildo nagusitzat jarri ondoren. Ez du garrantzirik, esaterako, Trumpek ile apainketa eta makillajean 70.000 dolar kendu izana (orain ulertzen da errubiotasuna!) saltzen ari den birusa borrokatu eta menderatu duen epikaren aurrean. Ez dago esan beharrik, epika faltsua da. Presidentearen Covid-aren tratamendua ez luke inondik inora amerikar arrunt batek pagatu ahal izango; ez hori bakarrik, gutxi batzuendako eskura dauden erretrobiralak eta esperimentazio fasean dauden beste hainbeste tratamendu hartzen ari da. Adina eta aurretik dituen baldintzak, gizentasuna esaterako, urtean 18.000 dolar adina kostatuko li-tzaioke mediku segurua.

Beldur naiz birusaz kutsatu izana ongi etorriko zaiola hauteskundeak irabazteko, heroi baten moduan azalduko dela, eta amerikar zuri pobre zein ertainekoek bozkatuko diotela, eta etxean geldituko direla Bidenekin zalantzak dituzten hainbat eta hainbat hautesle. Eta halaxe jarraituko dugu mundua ulertzeko diziplina eta azalpen guztiak hankamotz ditugula garai (ustez) postideologiko hauetan Trump, ideologia ez eta espektakulu hutsa dela sinetsita; Trumpek, ordea, ideologia haragitzen du: betiko aprobetxategia, bere buruaren alde. Hori ulertzeko ez da diziplina behar!