Zaporeak elkarteak, asteburu honetan, Morian dauden errefuxiatuentzako janari bilketa abiatu du hainbat herritan. Donostian, Bretxan antolatutako puntura joan ginen gu gure poltsak eramatera. Euripean egotea egokitu zitzaigun ilara gordetzeko. Covid neurriek ez zutelako bata bestearen aldamenean egoten uzten eta, zorionez, jende andana zegoelako eskuetatik poltsak zintzilika zituela, zeruak eman ahala jasotzen.

Aterkiaren azpian nengoela, momentu horretan, Moriako errefuxiatuen aurpegiak ikustea iruditu zitzaidan. Euripean irudikatu nituen eurak ere. Zeru beraren azpian. Ilara egiten. Beraiek, janari eske. Aterkirik gabe. Bustitzen. Une bera bizitzen. Beraiek eta ni. Nonbaiten, noizbait, norbaitek, justu une horretan gertatzen ari zenaz idatziko zuela pentsatzen eta bi ilaretan geunden pertsonak lotuko gintuela amesten.

Sarritan galdetzen diot neure buruari, lotura misteriotsu horiek sentitzen ditugunean, zergatik ez ote dugun gure barneko denbora gelditzen. Egiten ari ginen hori egiteari uzten. Eta hausnartzen. Loturak eramaten gaituen beste leku horretan bageunde, orain, zer egingo genukeen pentsatzen jartzen.

Eta berehala, koadernoa atera eta gutun labur bat idatzi nuen, inprobisatua, eta bi atun lataren artean utzi nuen gordeta, Moriaraino hel zedin edota Zaporeak-ekoek irakur zezaten edo auskalo noren eskuetara irits zedin. Noizbait norbaitek irakur zezan, une bera bizitzen ari garela, zeru beraren azpian, elkarrekin.