Erredakzio-mahaia

Gernikan zein Sebastopolen

30.08.2020 | 00:25
Gernikan zein Sebastopolen

Koronabirusaren urteko abuztuaren 14a, Gernika. Gutxi gorabehera txupina botako litzatekeen ordu berean helarazi zieten berria udaltzaingoek ostalariei: tabernak goizeko 3.00etara arte zabalik edukitzeko aukera izango zuten, eta, pubak, berriz, 5etara arte. Albistea bizipoza bezain azkar hedatu zen Juan Kaltzada eta Pablo Picasso kaleetan zehar eta hurrengo hiru egunetan ere indarrean egon zen. Emaitza jakina da: agintariek "transmisio komunitarioa" dagoela aitortu eta PCR proba egiteko deia egin zaie herritarrei. Positiboak haziz doaz eta 200etik hurbil daude jadanik. Bitartean, kutsatutakoen intimitate-eskubidearen kontrako urraketek, tabernak seinalatzeko premia eutsiezinak, eta, batez ere, gazteak kriminalizatzeko joera orokortuak hartu du protagonismoa. Herri txiki, infernu handi. Eta errudunak bilatzeko zaletasun horretan inork ez du aipatu ostalarien erreguz EAEko Auzitegi Nagusia izan zela tabernak ixteko agindua baliogabetu zuena, inplizituki gaueko aisialdi jendetsua baimenduz. Erabakia handik bost egunera deuseztatu zuen Eusko Jaurlaritzak; oraingoan auzitegiaren bermearekin. Kasualitatea edo kausalitatea izan da Gernikan gertatutakoa legalki alkoholizatzeko ordu gehiago zeuden impasse horrekin bat etortzea ez-festak? Bakoitzak bere erantzukizuna azter dezala, denok baitugu zertan pentsa. Baina tabernak ordu txikietara arte zabalik egonda jai giroan dagoenari arduratsua izan eta etxera joan dadin eskatzea nahiko inozoa iruditzen zait. Gernikan zein Sebastopolen.

Blogs de Deia
Foros Deia