Jaurlaritza arduratsu eta zuhurra

05.07.2020 | 00:13
Jaurlaritza arduratsu eta zuhurra

Oposizioak jakin behar du ez duela herriaren gehiengoa ordezkatzen eta ez daukala zertan bere ikuspegia inposatu legebiltzarreko gehiengotik kanpoko metodoen bitartez

HAUTESKUNDEEN ondoren, berehala izendatuko dituzte lehendakari eta Jaurlaritza berria. Ez zaie zereginik faltako, hasteko, covid-19 gaixotasunaren pandemia, gauza segurua baita ez dela gauetik goizera desagertuko; krisi ekonomiko guztiz larria, langabezia 2010eko hamarraldiarekin alderatu daitezkeen zenbakietan dela; kolektibo garrantzitsu baten muturreko pobreziaren gorakada nabarmena, etab. Gobernuaren lehen asteetan, premiazko eta ezinbesteko zeregin horietan murgildu beharko dira buru-belarri. Gainera, Eusko Jaurlaritza edozein dela ere, oposizioa edozein izanik eta hartutako neurriak edonolakoak direla ere, oso litekeena da (nahiz eta desiragarria ez izan) Gobernuari kritika gupidagabeak egitea, eta ez beti eraikitzaileak, oposizioaren edo indar sozialen aldetik.

Halako erauntsiaren pean, Jaurlaritzak gainez egiteko arriskua du, bai berehalako eta atzeraezineko kudeaketagatik eta bai oposizioaren eta komunikabideen aurrean eman beharreko erantzunagatik.

Hala ere, gobernu ororentzat garrantzitsuena den zeregina egiteke geratuko zaio: gure herriaren etorkizunari buruz hausnarketa egitea, batez ere gure gizartean hain aldaketa handiak izan diren garai hauetan. Nolanahi ere, gehiegitan atzeratzen da zeregin hori sine die, arazoen berehalakotasunak sartzen duen presioagatik.

Helburu horiek finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak –berak bakarrik– ez du nahikoa ezagutza. Lidergoa bere gain hartu ez ezik, aldi berean, sostengua bilatu behar du oposizioko alderdietan, unibertsitatean, enpresetan, sindikatuetan, elkarteetan, erlijio-arduradunetan, gainerako erakundeetan, nazioarteko adituetan, profesional edo erretiratu esperientziadunetan, eta abarretan, unean-unean landu beharreko gaiaren arabera.

Euskal Herriak erakutsi du, prestakuntza maila garrantzitsua izateaz gainera, parte hartzeko borondatea duen gizartea dela. Elkarrizketa zintzoa sortu eta metodologia eraginkorra ezartzen bada, emaitza interesgarriak lortu ahalko dira, eta baliagarriak izan daitezke gure erakundeen politiketan txertatzeko. Euskal industriak (enpresaburuak eta langileak, ugazaben sindikatuak eta langileenak) lortu zuen 90eko hamarraldiko egoera zail hura gainditzea. Aldi hartan, alde guztiek onartu zuten ekarpenak egiteko unea gehiago zela, kritikak egitekoa baino; zailtasunak onartu eta aurre egin beharra zegoela, mahaikidearen estutasun larriak norberarenen mailan jarririk. Antzeratsu, gaur egun ere, eragile guztien borondatea, erantzukizuna eta leialtasuna beharrezkoak eta lehentasunezkoak dira, Eusko Jaurlaritza berriaren gidaritzapean. Eta egin litekeen zerbait da.

Ezein sektorek ez lioke iskin egin behar gogoeta horri, eta hainbat helburu zehaztu behar lirateke: etorkizuneko industria-sektoreak, turismoa, ikerketa, euskara, demografia, hezkuntza, enplegu-eredua, familia-politika, klima-aldaketa eta abar. Nahi beste jarrai genezake helburuak zerrendatzen. Lehenengo zeregina lehentasunak adostea izan beharko litzateke. Izan ere, eremu gehiegi batera estali nahi izatea iragarritako porrot segurua genuke.

Guztiok dakigu gai horietako askoren etorkizuna ez dagoela gure eskuetan soilik. Kasu askotan, ustekabeko inguruabarren eta aurreikusi ezin diren zenbait egoeraren aurrean (covid-19, esate baterako) sortzen diren parametroek ez dute gure esku-hartzerako zirrikitu handirik uzten. Beste batzuetan, beste herrialde batzuek hartutako erabakiek baldintzatuko dute gure herriaren etorkizuna. Horrelako gertakarien aurrean eragina izateko ditugun aukerak eskasak diren arren, gure erresistentzia –edo erreaktibotasun– potentziala askoz handiagoa eta eraginkorragoa izango da, baldin eta, aldez aurretik, elkarrekin hausnartzeko eta gaiei buruz ikertzeko aukera izan badugu. Ez da denbora galtzea edo alferrikako lana izango.

Eratzen den gobernuak, edozein dela ere, nahiz eta gehiengo absolutua izan, ez du inoiz herriaren ahobatezkotasuna ordezkatzen, eta ez du sekula ahaztu behar dauden gutxiengoek beren legitimitatea dutela eta izango dutela aurrerantzean ere. Aldi berean, oposizioak jakin behar du ez duela gure herriaren gehiengoa ordezkatzen, eta, beraz, ez daukala zertan bere ikuspegia inposaturik legebiltzarreko gehiengotik kanpoko metodoen bitartez. Azken finean, hauteskunde-emaitzen onarpen demokratikoa eta, batez ere, aurkari politikoarekiko giza errespetua gailendu behar lirateke, guztia konfiantzazko eta leialtasunezko giro batean, elkarrekin lan arduratsua egiteko. Legebiltzarreko blokeo sistematikoak antzuak badira, komunikabide edo gizarte-hedabideak oposizioa egiteko erabiltzea ere kaltegarria izan daiteke.

Baina, etorkizunera begirako ikuspegiak alde batera utzirik, pertsonaren garapena bermatzen duten neurriek irten behar lukete garaile. Neurri horiek berehalakotasunean positiboak diruditen arren, gerta liteke ondorio negargarriak izatea pertsonaren, familiaren edo herrialdearen giza dimentsioan. Gobernu orok, batez ere, balio humanistak hartu behar ditu bere egintzen oinarri gisa, bai pertsona bakoitzaren erabilera propiorako, bai eta balio horiek gure herrian gara daitezen ere.* Etiker: Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxe Mari Muñoa

Blogs de Deia
Foros Deia