Gure hurrengo belaunaldia bertsotan hasi den honetan, ezin sinetsizko aldaketa izan da kantagaietan eta horiei heltzeko arrazoibideetan. Neu hasiberri nintzeneko gai bat dut gogoan: "A ze kiratsa dagoen, bakarren batek jaregin dio". Lazkao Txikik honako hau bota zuen:

"Hau Amuritzak botako zuen

intzentsu usaia du ta".

Intzentsu usaineko artikulua dakart neuk ere. Mezatan gozatu egiten dut. Zergatik ez ote naiz maizago joaten orduan? Kontraesanez beteriko izakiak gara. Loa ere biziki maite dut, baina beti kosta izan zait goiz lotaratzea. Mezatako kontuez ari nintzen. Mezaren errituak eta mezuek, apaiz bakanen bat salbu, ez diote aparteko ekarpenik egiten nire espiritualitateari, baina gaur egun meza da kantatzeko aukera ematen duen gune bakarretakoa. Horregatik maite dut mezatara joatea.

Tarte laburrean bi aldiz izan naiz, bietan Errezilen. Haietako batean ohar bitxia eman zuten meza bukaeran: "San Anton eguna asteguna denez, datorren igandean bedeinkatuko dugu ganaduarentzat ga-tza". Etxeak eta kotxeak ez ezik, aziendentzat gatza ere bedeinkatzen dute oraindik zenbait tokitan.

Hori baino askoz anakroniko eta ulergai-tzagoa den beste kontu bat entzun berri dut. Preso dagoen gure ezagun bat mezatara joaten da kartzelan. Mike Tysonek bilakaera espiritual aipagarria izan bide zuen espetxean, Malik Abdul Aziz bihurtu zen. Gure ezagun honenak erabat harritu ninduen, ordea. Hura mezatara! Bai, mezatara, zigorra laburtzeko balio omen du eta. Harrigarria da gizarte ustez laiko batean meza entzuteak zigorra arintzeko balio izatea. Oraindik ere in-tzentsu usain handia dugu...