EEPAIAREN zain geratu da Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako makroepaiketa. Eta orain zer? Ezin al da independentzia lortu demokratikoki Europan? Zertarako balio dute giza eskubideei buruzko adierazpenek eta herritartasun kartek, horiek gauzatzeko esparrurik bermatzen ez bada? Etapa berri honek gogoetarako atea zabaldu digu, auziaren mamia identifikatu eta erabaki-tzeko bidea irudikatzen jarraitzeko. Bi premisa aintzat hartu behar ditugu ezinbestean. Batetik, bizi dugun demokraziaren kalitatea eta oinarrizko eskubideak jokoan daudela; eta, bestetik, herri gisa erabaki-tzeak estatuaren edota estatuen botereari zuzenean eragiten dion heinean, botere horren azpiak mugitzeko dugun gaitasunak neurtuko duela erabakitzeko bidearen eraginkortasun maila.

Azken hilabeteotan han eta hemen irakurri eta entzun ditugu katalanek urratu duten bide berriari buruzko iritzi negatiboak. Bada, ondoko lerroetan, prozesu horren lorpenez eta irakaspenez ariko naiz, baita mugez ere; hankak lurrean, baina miresmenetik eta aitortza bat eginez prozesu hori posible egin duten herritar, eragile eta erakundeei.

Hasteko, makroepaiketak agerian utzi du Espainian ez dela existitzen ingurumari “egokirik” autodeterminazio eskubidea gauzatzeko; eta, larriagoa dena, Espainiako botere publikoak ez daudela prest, inondik inora, testuingutu demokratiko hori eskaintzeko. Kataluniako herria, ordea, behin eta berriro ahalegindu da erabaki-tzeko eskubidea gauzatzeko bide “egoki” hori eraikitzen, modu erabat baketsu eta demokratikoan. Kataluniak konpromiso sozial eta instituzionala azaldu du Estatuarekin gai honi buruz solas egiteko, eta Estatuak, aldiz, ez du zirrikitu bat bera ere zabaldu bere horma -ustez- sendo eta trinkoan.

Bere botere publiko guztiekin -erregetik hasita botere legegile, exekutibo eta judizialeraino- eta bere gain dituen tresna guztiekin -legearen interpretazio maltzurra eta komunikabide sistema espainolaren konplizitate leiala-, eragotzi egin nahi du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukeren inguruko eztabaida, lurraldetasunaren osotasun dogmatiko batean oinarrituta. Jarrera hori, alabaina, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da (9.2 artikulua), Estatu demokratiko batek ezin dielako herritarrei edota herritar taldeei eragotzi beren askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izatea; aitzitik, beren eskubideen egikaritzarako baldintza egokiak eskaini behar ditu eta egon daitezkeen oztopoak ezabatu. Hori da estatu demokratiko orok giza eskubideen arloan nazioarteari begira hartutako konpromisoa. Baldintza hori bete gabe, nekez esan daiteke estatua demokratikoa dela. Baina errealitatea da, gaur gaurkoz, Espainian ez dagoela berme sistemarik burujabetzari buruzko bozketekin zer ikusia duten giza eskubideak zaintzeko. Eta, tamalez, baieztapen hori berretsiko du Kataluniako prozesuaren aurkako epaiak.

Dena den, Kataluniak orain arte egindako bideak irakaspen eta lezio asko eman ditu, artikulu bakar batean kabitzen ez direnak. Lorpen horien artean bada bat pisu handia duena: Erabakitzeko gaitasuna duen herriaren estatusa lortu dute katalanek eta, horrekin batera, erabakitzeko eskubidea nola gauzatu daitekeen eztabaidatzeko aitortza irabazi dute, eta, beraz, erreferendumaren inguruko eztabaida agenda politikoaren lehen lerroan kokatzea. Esan dezakegu pantaila politikoz aldatzea lortu dela. Orain gakoa da nola lortu ondorio politiko eta juridikoak eragingo dituen erreferendum bat egitea; eta, Ibarretxe lehendakariak azaldu bezala, nola jesarrarazi auziaren beste aldea mahaian negoziatzera eta eztabaidatzera, berak nahi ez duenean.

Nazio Batuen Erakundeak dioenez, giza eskubideak gauzatzeko eszenatoki eraginkorrak eta seguruak landu behar dira. NBE kontziente da giza eskubideak gauzatzeko Estatuek eta botereek ezartzen dituzten oztopoez, eta horiei aurre egiteko metodologia bat lantzen ari da. Segurtasun eta zilegitasun esparruak eraikitzeko dauden oztopoak identifikatu ditu eta horiek gaindi-tzeko praktika onak bildu eta partekatzen ari da, konpromiso-sareak ehunduz, eskubideak egikaritzeko.

“Praktika on” horien artean egon beharko litzateke urriaren 1eko erreferenduma. Delitu izatetik urruti, bozkatzea gakoa bihurtu da Kataluniako auzi politikoa bideratzeko (baita Euskal Herrikoa bideratzeko ere). Zentzu horretan, esan daiteke, Urriaren 1eko erreferendumak balio izan duela erabakitzeko eskubidearen Kanadako auzitegiaren doktrina osatzeko, mugarri bat ezarriz Estatuaren aldetik eztabaida uka-tzen eta oztopatzen den kasuetarako. Katalanak gai izan dira estatuari obligazio morala ezartzeko erabakitzeko baldintzak adostu ditzan. Eta hori lortu dute euren gaitasun eta baliabideekin antolatutako erreferendumari esker, erakundeen zilegitasuna baliatuz eta herritarren aktibazioa eta konpromisoa masiboki erakutsiz; baina, batez ere, eta guztiaren gainetik, erabaki-tzeko gaitasuna erakutsiz.

Jokaleku hori, ordea, ez da soilik Estatuaren tresnen bitartez eraiki ahal. Gizarte zibila, tokian tokiko erakundeak, eta nazioartekoak, denak izango dira beharrezkoak aurrerapauso eraginkorrak emateko eta aldebakarreko blokeoak saihesteko. Maila anitz horietan, gainera, Kataluniak eta Euskal Herriak -baita beste herrialde batzuk eta herritar eta eragile demokrata orok ere- elkarlan esparru bat eraikiko balute, ziur urrunago eta azkarrago iritsiko ginatekeela ezinbesteko erreferendum horretara.

Gaur egun, ez diruz ez beldurrez ezin du Estatuak erreferendumaren baldintzen inguruko eztabaida eragotzi. Espetxeratu ditzake lider politikoak edota sozialak, baina behin ere ez ideiak eta, are gutxiago, bi milioi herritar baino gehiagoren borondatea eta determinazioa. Bidea ez da erraza izango, baina, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak adierazi bezala, beste erreferendum bat egiteko determinazioa dute, eta egingo dute.

Urteotako ibilbideari esker, bigarren erreferendumaren agertokia irudikatzeko gaitasuna lortu dute katalanek. Baita eskoziarrek ere. Euskal Herrian, pixkanaka ari gara norabide horretan pausoak ematen, helmuga urruti ikusten badugu ere. Kataluniak eman dizkigun irakaspenak oinarri, eta bidean oso presente ditugun horma eta harresien jakitun, gu ere erreferenduma(k) posible egitera goaz.

* Gure Esku Dagoren zuzendaritzako kidea