Síguenos en redes sociales:

Eman ta zabal zazu

EMAN ta zabal zazu munduan fruitua” lelotik, “erakar ezazu munduko fruitua” interesgarriagotzat eta onuragarriagotzat hartzen denaren susmoa dut egun. Beraz, bada gurean “geurea geurekoentzat eta kanpokoa guztiontzat” lelopean ari den pentsakera eta ekimenik.

Herritarrek zer pentsatzen duten eta zer bizi dugun jakiteko, galde diezaiogun euskaldun edonori, geure politiko euskaldunak ere sartuko nituzke gadeketan, galde egiozue, ze liburu irakurtzen ari den, zein kantari duen gustoko etab. Eta seguruenik %90ak kanpoko edozein izen botako luke bertakoen aurretik. Estadistiken arabera, hau halaxe da. Kanpokoaren eragina gero eta nabariagoa izanik, bertakoa gutxiagotzen doakigu. Ez ote da gure konplejotxoa berau?

Hala izanik ere, sormenaren eta produkzioen eskeintzatik begira, zoriontzekotan gaude, ez da paramenik, badira ideiak, eta ekoizpen ugari, baina militantismoaren garaiak beste zentzu bat hartu duen garai honetan, zeintzuk dira gaurko erreferenteak?, Eta adinaren kontura bagoaz, zein-tzuk gazteen ereferenteak? Bizitzen ote du eta sentitzen ote du euskal gazteriak euskal kultura zentzuz eta pentzuz? Murgiltzen ote da nahi genukeen beste?

Urtez urte eta arinka datozen aldaketak kontuan izanik, gerora begira, euskal gazteen imaginarioa euskerarekin eta euskal kulturarekin bat datorren jakitea eta aztertzea dugu helburu. Eta honek eskaintza berriak plazaratzea eskatzen digu.

Kanpoko eragin guztien aurrean, eta globalizazioaren atzaparretan sartuak egonik ere, gure hizkuntzak, beste hizkuntza handien pare jakin izan du kokatzen. Baina, euskal kultura eta euskara uztartuz eta hedatuz joan behar diren heinean, zein eratan da handi gure euskal unibertsoa, gure entzumena eta ikusmena kanpoko iturrietara bakarrik begira badago?

Euskal kulturak eta euskarak egin denagatik dirau bizirik. Urtez urte euskalgintzaren multzoa hasiz joan da eta banakatu ere egin da. Hau da, euskaldun izatea ez da modu bateko izatea, ez, euskalduna ere dibersifikatu da, bai gustoz, bizimoduz eta pentsakeraz.

Honetan, aurtengo 52. Azokaren harira. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen hitzetan, “gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza”. Honela ba, esparru zabalean eta pluralean bizi da euskara eta hau, benetan da erakargarria, mundu guztiak bere gain hartzeko gai izan dela konturatzea, ideologia orotan eta eremu zabalean murgilduz.

Liluraz eta xarmaz erakar dezakegu gure kulturara eta hizkuntzara gurea bizi ez duena, baina kulturak izan lezakeen ekarpena handia bada ere, egunoroko behar-izanik ez bada, ez da ez nahiko. Eta euskara, giro zabal eta desberdinetan murgilten bada ere, giro urbanoan batipat oraindik orain, egin beharreko bide luzea da.

Jakina, erabileran datzala hizkuntzaren egonkortasuna, multzoa handitu bada ere, erabilarena da dugun koskarik larriena, modu sinbolikoan baino modu arruntean, egunorokoan izan behar da-eta. Erabilera dela gakoa diosku Andres Urrutia Euskaltzaindiako buruak ere: ”ez du konponbide errezik gazte batek euskaraz ikasteak eta gazteleraz hitzegiteak”.

Dena den, autokonplazentzian jarri barik, atzera begiratzea beti da on eta horrexek erakusten digu aurrea nola dantzatu. Gogoan dut Bilbon orain 50 urte, semaforo batean euskaraz hitzegiten norbait entzuten bazenu, ezuztez itzuliko zenuela burua. Eta goazen mende ta erdi atzerago eta ezagun dugu gure Iparragirrek zioena, “Gure euskera eder maitea galtzen gaur degu ikusten euskaldun onak arritzeko da nola ez diran lotsatzen! Larramendirik, Astarloarik ez da geiago aipatzen..Ez da utsegin aundiagorik ondo badegu pentsatzen”.

Beraz, atzerantz begiratuz, aurrerapasuso handiak eman izan dira eta etorkizunerantz, baikor izateko motiborik euki badaukagu.

Bizi bizirik dugun aintzinako gure hizkun-tza hau, izan zenaren mundu haren egitura eta pentsakera azaltzeko gailua eta harridura askoren iturburu den neurrian, atzotik haratagoko gauzak aztertzeko eta egungo eta geroko gauzak ere argiagotzeko egokia dugu.

Eman ta zabal dezagun euskara eta euskal kultura plazara, mundura, hitzez hitz, ahoz aho, altxor bat bailitz. 52.Azokak ere etorkizunerantz du begiratzen eta Sistiaga margolariak horixe irudikatzen digu, aintzinatik datorkigun etorkizuneranzko bidaia galaktikoan sartzeko gonbitea eskainiz.