Euskalduna Jauregian, 2.000 lagunen aurrean, EHUko Ingeniaritza Fakultateak bere graduatuei domina banatu die orain gutxi. Ekitaldi hau Fakultate honek jendaurrean egiten duen urteroko ekitaldi jendetsua izango da seguruenik. Bertan agintari eta arduradun batzuk egon ziren, azalpenak ematen eta herri honetako hizkuntzaren ebaluazioa egingo bagenie hauxe izango litzateke emaitza: Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea gailenduko litzateke hitzaldiaren %50 erdia euskeraz eman zuelako. Ondoren Ahaldun Nagusia den Unai Rementeria, Eusko Jaurlari-tzako Hezkuntza Saileko ordezkaria eta EHUko errektorea den Iñaki Goirizelaia etorriko lirateke, %33 inguru euskeraz egin zutelako, eduki desberdinak hizkuntza bakoitzean eta euskera txukunean hasi eta amaitu zutelako. Unaik gainera bizkaiera apur bat erabili zuen, eskertzekoa dena. Heren hau (%33) gutxi da, izan ere mezu nagusia graduatuentzat zuzenduta zegoen eta denok dakigunez, adin horretan, ikasle euskaldunen kopurua %33a horren bikoitza izango da. Beraz, %50-60 gutxienez geure hizkuntzan egitea Nahiko bat lortzeko minimoa izan beharko litzateke, ez? Ingeniaritza Eskolaren izenean bost lagunek hitz egin zuten: arduradun nagusiak, beste arduradun batek, ikasleen eta ikasle ohien ordezkariek eta Eskolako Abesbatza bikainaren ordezkariak barne. Ekitaldiko azalpen nagusiak, logikoa denez, haien esku geratu ziren: aurkezpen lana, diplomen banaketa ? bada bostek, “egun on” eta batek beste esaldi bi gehiago kenduta, gazteleraz hutsean jardun zuten denbora osoan, geure hizkuntzari eta geure nortasun zeinu nagusiari barre eginez. Gutxiegi bat mereziko lukete, zalantzarik gabe. Ez hori bakarrik, azafata gazte bati gauza bat esan eta erdaraz erantzun, edo, gonbidapena hizkuntza bietan txukun baina “Butaca de patio” handiarekin dena izorratuta. EHUko Euskara Plana non dago? Nola onartu daiteke horrelako ekitaldi batean Ingeniaritza Eskolako ordezkariek euskerari horrelako tratamendu onartezina ematea? Ingeniaritza Eskolak 100 urtez herri hau erdalduntzen eragile garrantzitsua izan da, hortik ateratzen diren ikasleen eragin linguistikoa oso handia delako (enpresen kudeaketa, proiektuak, zerbitzak?). Bada alderantziz egiteko ordua eta eskola hau, eta hemengo erakunde guztiak, Euskal Herriaren zerbitzura jartzeko!