EGIA gia da egun gutxiren buruan, Eskoziako galdeketaren garaipena ospatzeko Euskal Herrian ostiralerako pintxo-potea antolatu zutenen animoa beherantz etorri dela apurka. Izan ere, astebeteren bueltan, inkesta gehienek, Erresuma Batuko inkesta-etxe entzutetsu eta fidagarriek eskainitakoek, egunkari handiek eskainitakoek, apaldu egin baitute YES esango omen dutenen indarra.

Gaur, bozketa hastean, orekatuta omen daude aukera bat eta bestea. Ikusiko dugu zer gertatzen den egunean zehar eta zenbaterainoko eragina duten kanpaina osoan zein bozka eman erabaki ez dutenak (edo esan nahi izan ez dutenak). Emaitzak, gogoratu, etzi goizeko 6etarako edo espero dituzte.

Egia dena da azken egunotan Cameron, bere gobernukideak, oposizioko burua, Gordon Brown lehen ministro laborista ohia?Londrestik irten eta azala utzi dutela ezezkoa garaile izan dadin. Harritu egin nau pixka bat hain azkenera arte utzi izanak, berandutxo ibili ote diren iruditu zait, baina ziur nik ezagutzen ez dudan estrategia baten ondorio dela. Eta apuntatzeko modukoa iruditu zait estatuek, berez ,ez dutela ezer ematen beste erremediorik ez dutela ikusten duten arte. Zergatik dira orain posible lehen aipatu ere egiten ez ziren hainbat aukera Eskoziarako? Gauza bat dago argi momentuz: ez alde batek eta ez besteak ez du zalantzan jarri, aukera batek boto bakar batengatik irabazita ere, galdeketa horretan erabakitakoa beteko ez denik eta erabakia demokratikoa ez denik. Euskal Herrian eztabaidan ariko ginateke, aldea puntu batekoa bada emaitza loteslea den ala ez, nahikoa den ala ez, zer den nahikoa eta zer ez.

Eskozian ari dira dagoeneko galdeketa egiten eta irabazten duenaren hitza errespetatuko dute denek. Horrela diote. Hala bada To be or not to be esan ahal izango dugu. Izan edo ez izan jarrera demokratikoa.