Síguenos en redes sociales:

Trenpu duin baten bila

Hastapen eta momentu guztiz berri asko ezagutu dituen belaunaldi batekoa naiz -gaur gertatu balitz bezain berri dut etxean irratia sartu zeneko poza- eta ondasun materialen eta momentu historiko aparten epifania bizitzen hasi ginen: Armstrong amerikarrak han goiko ilargia lehenengoz zapaldu zuenean, hemen beheko mundua deskubritzen hasi ginen gu, eta laster igaro ginen ezer gertatzen ez omen zen garai batetik ziztu bizian aldatzen hasita zegoen gizarte batera.

Historiaren inertziak diktadura bota zuen -guk gogor bultzatu izanak ez zuen, nonbait, hainbesteko garrantzirik izan-, eta aldaketa sozialen eta ideologikoen borborrak aukera asko ematen zigun irakiteko, apenas gogorik hausnarrerako. Laster gure-gurea izango zen etorkizun batekin egiten genuen amets; dena berri-berri nahi genuen; kulturan, gizartean edo ideologian guztia gurekin jaiotzen ari zela sinesterainoko adanismoari eskainiak genizkion gure pozak eta egoak. Guk eraikiko genuen etorkizunak gehiago balio zuen mundu zaharrak erakutsi zigun guztiak baino; etikak etorkizunaren gasolina behar zuen izan eta ez motore; eraiki nahi genuen munduaren (ustezko) onak (ustez) on bihurtzen zuen gure ahalegina; justiziaren lurraldea izango zen gurea, horretarako injustizia eta odola erregariatu behar bagenituen ere.

Handik gatoz. Garai haiek berritu nahi dituenak egokiera apartak topatuko ditu Idoia Estornés Zubizarretaren Cómo pudo pasarnos esto liburu ikonoklastaren orrialdeetan: honi eta hari egingo genizkiokeen zehaztapenek, honetaz eta hartaz agertuko genituzkeen desadostasunek ez diote baliorik kentzen liburuari.

Kontua da amesten genuen egoera berriak ez digula txikitako irrati haren pozik ekarri: mendebaleko demokrazia flakiak jota dago. Alain Badiou filosofoak dioen bezala, "demokraten mundua ez da mundu osoarentzat", Lampedusan ikusten ari gara, etxean ikusten ari gara. Demokrazia bera ere politikari profesionalen egitekoa balitz bezala hartu dugu -edo politikariei oparitu diegu horretarako aukera, gure izaera politikoari uko eginez- eta lau urtez behingo bozak politikaz ahazteko bulda ematen digu garai bateko urteroko komunioak elizarekikoak betetzeko aukera ematen zigun bezala. Gure onura ez den beste interesik gabeko egoistak bihurtu omen gara mendebaldeko demokratak; erlatibismo totalaren morala darabilgunak; gaztetasunaren aldarria egiten dugun nerabeak, heldu-sasoian ere; dibertsioa eta ahalik ondoen pasatzea beste kontsignarik gabeak; hutsalkeria inozo batez zipriztindutako eszeptizismoa erakusten dugunak, altxorrik preziatuena balitz bezala?

Badiouk egiten digun argazkiak ez gaitu toki onean lagatzen. Baina apenas daukagun argumenturik -eta, batez ere, eguneroko jardunik- mendebaleko demokrata tipikoen argazkia ez dela gurea esateko, argazkiaren distortsioa salatzeko.

Bai, egin genuen bide zurrunbilotsu hura baino zailagoa eta neketsuagoa -grisagoa- izaten ari da tokatu zaiguna: trenpu duin baten konkista bai zaila. Ispiluaren aurrean jarri, eta bertan ikusten duguna aitortzeko adorea izango bagenu sikiera.

Bestelakorik sinetsita bagaude ere, seguru asko ez gara hainbeste gauza txalogarriren emagin izan.