Duela hilabete eta erdi Iruñean ibili nintzen, euskal kulturaren inguruko ekitaldi batean. Erreibindikazioak bazuen arrazoia: Nafarroa bizirik dago. Eta bizirik dago Nafarroa napar egiten duten ezaugarriok bizirik daudelako. Hala egiaztatu nuen hilabete hori pasata Lizarrako herrian arratsalde ludiko bat pasa ostean (azkeneko hau, duela egun gutxi batzuk). Ezaugarri bereziena birizik dago: euskara. Nire esker minak eman nahi dizkiot gure hizkuntzari bizitza aurreratu dion alderdiari, hots, Napar Herri Batasunari (NHB), zeinaren lehendakari Yolanda Bartzina den.
Bartzina eta haren jarraitzaileek anitz egin dute hizkuntza susta-tzeko, Nafarroaren identitatearen parte baita. Hala adierazten du Jaime Ignazio del Burgok, bere Navarra: por todas partes me roen artikuluan (La ilustración liberal, 2006): "El euskera está en su máximo esplendor" adierazten duelarik. Beste inork ez du NHBk bezain ondo euskara Nafarroan bultzatu.
Bultzada horren seinale, Nafarroaren seinaletika bera da. Trafiko seinaleak, euskara ofiziala den gune guztietan espainieraz eta euskaraz daude (gune diot, ezein euskara napar guztiena denez, gune jakinetan besterik ez daitekeelako publikoki ikasi). Napar identitatea ulertzen ez dutenek (Nafarroa "mapatik deuseztatu nahi duten" horiek) zera esanen dute: "Euskaraz dauden mezuak ezin dira apenas irakurri! Letra txikian eta kurtsibaz daude!". Euren ezjakintasuna besterik ez dute erakusten. Txikikeria hori dela eta, jendea gehiago hurbiltzen da seinaleetara, eta betaurrekorik gabe irakurri ahal badute, ikusiko dute mezua euskaraz. Eta jarritako atentzio hori dela eta, euskararako itzulpena ikasiko. Eta ondorioz, linguae navarrorumaren handitasunaz kontziente izango dira (txikitasunean bada ere). Halaxe egiten da Iruñean, Lizarran eta gure alderdi hegemonikoak gobernatzen dituen udalerri orotan ere.
Egin dugu jada "euskara guneen" aipamena. Nafarroako herrien %45ean ezin da publikoki euskaraz ikasi, eta ondorioz, gune horietan seinaletika erdera hutsean dago. Horrek ere indartzen du gure hizkuntza: herritarrek, euskaraz hitz egiteko irrikaz, elebitasun falta somatu eta Foru Gobernuari ofizialtasuna eskatuko diote. Gobernuak ikusiko du orduan zer egin, Nafarroako hizkuntza propioak, gaztelakoak ez beste, dirua balio baitu. Hori bai: irrika horrek euskaltzaleei indarra emango die euskara bizirik manten dezaten.
Beraz, eta honekin amaituko dut, nire miresmena UHBri eta euskara kudeatzeko sistema ezin hobeari. Animatuko nituzke sistema hobetu eta euskarazko seinaletika mezuak seinaleen hondoaren kolore berean margotzera. Honela gehiago zorroztu beharko dugu euskaldunok begirada.