Síguenos en redes sociales:

Balizkoa balitz

Zein ederra den amets egitea! Ederraren ederra, gero! Amets ederrek aitzakia bakarra dute: esnatzea edo itzartzea edo konortera itzultzea edo… Kontua da ametsen paradisuak baduela hasiera eta baduela amaiera. Ez dakigu noiz, baina.

Izan ere, biharamunean gomuta argixka bat dugu, edo ilauna, edo nahastua, gutxitan oskarbia bezain argia. Argia izan denetan, amets ona izan bada, esnatzearen damua dugu, txarra izan bada, berriz, laster baten zerbait txarra gertatuko den beldur gara. Iratzarrita esaten diogu geure buruari: ametsetakoa egia balitz… eta berriro ekiten diogu balizkoari era ematen; balizkoa egia bihurtu nahi dugu, baina, berbak berak dioen legez, balizkoa balitz, dena da, banu eta balitz elkarren ondoan dabilz, hau da, guztia da irudikeria, ezer ez da egia.

Bada, horrelako gertakizuna ari gara ikusten Espainiako Erresuman.

Zu bera bazina Horrela diotso andrazko gazte batek gizonezko gazte bati eleberri baten. Hau da, zu bazina nik bihotzez maite dudana… halandaze, zu ez zaitut benetan maite, zu malkoak xurgatzeko zarabiltzat, eta neurri horretan maite zaitut. Angela Merkelek horixe esan dio Mariano Rajoyri: zu Barack edo Sarkozy bazina… baina ez da. Eta Angel Merkelek badaki hura ez dena hori diotsonean.

Betiere, Mariano Rajoyri suertatzen zaio eleberriko pertsonaiari gertatu antzo: andrazko gaztearen etsipenezko une baten, benetan maite duena betiko galdu duelakoan, berak badiotso gizonezko gazteari bera maiteko duela ordutik atzera, eta lipar batez dirau irudiak, harik eta zinez maitea dena agertu arte. Orduko, gizonezko gazteak buruan erabili ditu ameskeria guztiak, baina itzarrik dagoela. Eta horiexek dira ametsik gaiztoenak: esnarik bizi ditugunak. Bat-bateko esnatze horiek dira minberenak.

bihar da atzo Eta ez dago gaurrik. Pasadizo psikosomatiko horiek bizi ditu bigira etengabean dagoenak. Errealitatearen beldur delako, ez da ausartzen errealitatea bere egiten. Akiakula guztiak, desenkusak oro, baliozkoak dira, errealitatea aparte uzteko.

Une horretan gertatzen da jazokizun miragarri hau: denborak galtzen du dimentsioa. Ez dago biharrik, bihar guztiak direlako atzo; ez dago atzorik, atzo guztiak etorkizun direlako; ez dago gaurrik, atzotik biharrera eta biharretik atzora bitartean bizi delako egokiera horretan dagoena.

gaur da bihar Denboraren neurria galduta, bigira etengabean dagoenak ez du itzarri nahi; errealitatea ankerra omen delako. Derrigortuta zerbait egiten badu, berandu da, neurria ez delako hartzen sasoiz. Ereti horretan, ametsak errealitate bakar diren unean, sorginduak ez dio begiratzen bere barrutian jarraitzeko asmoari baino. Itzarri nahi ez duen horri, une jakin baten, ametsak eldarnio bihurtzen zaizkio, baina bera ez da horrekin konturatzen, eta, gizonezko gazte horri suertatu an-tzo, andrazko gazteak belarrondokoa ematen dionean baino ez da konturatzen gertaturikoarekin: berak egindako guztiak ez du balio, bera ez delako Barack, ez Sarkozy.